COVID-19: Elkarrizketak

«Jasangarritasunaren eta inklusioaren aldeko apustua egin dugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 11a, 11:00

Tknika ikerketa eta berrikuntza zentroan egiten du lan Mari Jose Barriolak.

Mari Jose BARRIOLA BARAIBAR Lanbide Heziketako biozientziak eta jasangarritasun zuzendaria.

Bertako materiala erabiliz, bertako maskarak sortu dituzte Tknika ikerketa zentroan. Hori lortuta, gor, mutu eta adinekoentzat lagungarri izanen diren maskara gardenak lantzen ari dira orain.

Ikerketa taldeetako profesionalak, koronabirusaren aurrean, indarrak batuta ari dira lanean. Babes neurrien artean, berariaz landu dira maskarak. Bateko eta besteko ikerketa zentroek maskara higienikoak eta kirurgikoak landu dituzte. Pauso bat harago jo dute Tknika ikerketa zentroko Mari Jose Barriola leitzarrak eta bere lankide Arantxa Zamorak. Izan ere,  bertakoak eta jasangarriak diren materialak erabiliz maskarak sortu dituzten lehenbizikoak izan dira. Orain, berriz, gorrentzat, mutuentzat eta adinekoentzat lagungarri izanen diren maskara gardenak lantzen ari dira. Keinuz keinu, komunikazioa ahalbidetu eta gizarte inklusiboago baterantz bideak urratu nahi izan dituzte.

«Egun erabiltzen ditugun maskarek ekoizte prozesu kutsagarria dute»

Tknika ikerketa eta berrikuntza zentroan ematen duzu egunerokoa. Zer da Tknika? 
Tknika Lanbide Heziketarako berrikuntza eta ikerkuntza aplikatua egiten duen zentroa da, Eusko Jaurlaritzaren barne dagoena. Lanbide Heziketako irakasleei formakuntza ematea eta haiek hori zabaltzea da. Irakasleek, gurekin batera, hainbat gai lantzen dituzte: industria 4.0, nazioarteko proiektuak, berrikuntza metodologikoak, biozientziak eta jasangarritasuna... Helburu nagusia hemen proiektuen bidez jasotzen dugun ezagutza guztia Euskal Autonomia Erkidegoan dauden Lanbide Heziketako ikastetxe publiko eta itunpeko guztietara zabaltzea da. Horretarako irakasleekin lan egiten dugu. 

«Bertako material biodegradagarriak erabiltzen saiatu gara»

Biozientziak eta jasangarritasun arloan zabiltza... zer da lantzen duzuena? 
Hiru esparru nagusi ditugu: batetik, agroelikadura, itsas-ingurunea eta ingurune naturala (nekazaritza, basogintza, ostalaritza eta turismoa, ekonomia zirkularra...); bestetik, eraikuntza adimentsua eta jasangarria; eta azkenik, bioteknologia, osasuna eta biozientziak. Alor horiei loturiko proiektu amankomunak lantzen ditugu ikastetxeekin. 
Koronabirusa tarteko, zuen lana egungo beharretara egokitu duzue. Noiz hasi zineten maskarak egiten Tknikan? 
Martxo hasieran, lehendabiziko edo bigarren astean, sailburuordea maskarak prototipatu, diseinatu eta ekoizteko gai izanen ote ginen galdezka etorri zitzaigun. Duela bizpahiru hilabete behar-beharrezkoa zen pertsonal sanitarioa maskara kirurgikoz hornitzea. Beraz, erronka horri heldu genion. 

Maskara kirurgikoekin hasi zineten. Nola hasi zenuten prozesua?
Abiapuntua gure laborategian erabiltzen ditugun maskarak nola osatuta dauden eta zer geruza dituzten ikustea izan zen, alderantzizko ingeniaritza eginez egin genuen hori. Horrez gain, maskara kirurgikoak egiteko Europako araudia lantzen hasi ginen. Alarma egoera horretan dena itxita zegoen, hornitzaileekin hartu-emanak izatea zaila izan zen... Hortaz, materialak aztertzen hasi ginen. Zoritxarrez, orain arte bai hauek egiteko materialak baita maskarak ere Asiatik, Aljeriatik, Turkiatik... ekarri izan dira eta material hauek oso ekoizte prozesu kutsagarriak izaten dituztela ikusi genuen. Gure lan ildo sendoetako bat jasangarritasunarena izaki, maskara kirurgikoak lantzerakoan material sakabanatuak eta biodegradagarriak sartzen saiatu gara. Horiek diseinatu eta egin ondotik, ziurtagiria lortu nahian, entseguak pasatzen hasi ginen. Homologatua den laborategi bati lagina eraman genion.  

 

Zein dira maskarak homologatzeko egiten dituzten entseguak? 
Hiru entsegu nagusi egiten dituzte: bakterien aurkako efizientzia (pasatzen ez direla ikusteko), arnastea bermatzen duela egiaztatzekoa eta zipriztinen aurkako babesa eskaintzen duela frogatzen duen beste bat. Maskara kirurgikoekin beharrezko ziurtagiri hauek lortu genituen. Bide horretan,  gure ikastetxeekin, adibidez, ehungintzara bideratuta daudenekin, sare boluntario bat osatu genuen, boluntarioak, ikasleak, irakasleak... bilduz. Eta Tknikan ditugun baliabideekin material horien karakterizazioa eta ezagutza landu ditugu, bidali aurretik frogak eginez. 

Maskara kirurgikoetatik gardenetara jo zenuten... 
Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleekin egiten dugun elkarlan horretan, inklusioa oso txertatuta dugu eta horri tiraka, maskara gardenak sortzeko beharra ikusi genuen. Halaxe hasi ginen, behar horri erantzuteko. Hamahiru prototipo landu ditugu eta orain horiek kontrastatzen ari gara gerontologian, entzumena galdu dutenekin, hezkuntza alorreko profesionalekin, logopedekin... Beraiek esaten diguten beharretara egokitu dugu lana. Horrela, ahoaz gain, aurpegiko keinuak ikusiz komunikazioa erraztu ahal izateko, ahalik eta azalera garden handiena duten maskarak egin ditugu. 

Orain homologatze-prozesuan ari zarete? 
Bai, halaxe da. Prototipoak egin genituen eta orain kontrastatzen eta material gehiago begiratzen ari gara. Plastikoak oso gardenak izan arren, arnasgarritasunaren parametroa egiaztatzeko entsegua pasatzeko zailtasun handiagoa dute... Ea lortzen dugun entsegu horiek pasatzea. 

Pantailak gardenak izaki, keinuak ikusteko aukera ematen dute... Segurtasun edo babes aldetik, zein da bien arteko aldea? 
Bi produktu dira: pantailak babesten du baina ez maskara kirurgikoek adina. Maskarak produktu sanitarioak dira eta pertsonal sanitarioak horiek erabili behar ditu ongi babesteko. Hauek bere prototipoa eta prestaketa behar dute, legediaren araberako egokitzeko eta homologatzeko. Hortaz, pantailaren azpian beti hauek erabiltzea komeni da. 

«Beste alorretan ikusten dituzten beharrak landu nahi izan ditugu»

Homologazio prozesua pasatzen dutenean kirurgikoek bezainbeste babestuko dute maskara gardenek? 
Horixe da orain lortu nahi duguna. Horregatik, entsegu horiek pasatu eta balioztatzeko materialak ikertzen ari gara. Plastiko birziklagarriak badiren arren, aipatu bezala, arnasketa zailtzen dute. Horregatik, entsegu horiei begira lanketak egiten ari gara. Horrez gain, badira naturak ematen dizkigun materialak, sakabanatuagoak direnak. Material horiek erabiltzeko lanean ari gara. Gaur egun mundu  osoan erabiltzen ari diren maskarek ekoizte prozesu oso kutsakorrak  izaten dituzte, inpaktu handia eragiten dutenak. Zakarretara botatzen ditugunean ere ehunka urte pasatu behar dituzte desegiteko eta ez gara horretaz jabetzen. Benetan serio hartu beharreko kontua da. Gu orain aztertzen ari garen materialak, berriz, uretan desegiten direnak dira. Nahiz eta prozesua pixka bat luzatu jasangarritasunaren alde apustu sendoa egin behar dugula uste dugu.  

«Denok maskara gardenak erabili beharko genituzke»

Noizko aurreikusten duzue hauek merkaturatzea?  
Nahiz eta gu buru-belarri ari garen, laborategiaren zain gaude eta haiek markatuko dizkigute entseguak, emaitzak... Beraz, ez da gure esku dagoen zerbait. Hirugarrengo batzuk sartzean prozesua luzatzen da eta beraiek ere lan kopuru handiarekin dabiltza orain... Nahiz eta guri ere prozesua luze egiten ari zaigun, entseguek ere bere denbora behar dute, material biziarekin egiten da lan, bakteriekin eta horrek bere denbora behar izaten du. Ea ahalik eta azkarren emaitza onekin egitea lortzen dugun.   

Dagoeneko entseguren bat pasatu duzue maskara garden horiekin?
Bai, batzuk balioztatzen eta aurrera eramaten ari gara. Momentuz ongi ari gara, ea horrela segitzen dugun. Behar horri erantzuteko hasi ginen eta dei pila bat izan ditugu, ez Euskal Herritik bakarrik, beste erkidegoetatik eta estatu mailatik... eta lanbide eta arlo profesional askotatik: osasun eta hezkuntza sailetik, partikularrengandik, down sindromea duten haurrekin lan egiten duten elkarteetatik... Eskaera handia dago eta ahalik eta azkarren lortu nahi genuke. 

Bai material aldetik baita gizarteari dagokionez ere, onura handiak ekarriko ditu... Horretarako denok erabili beharko genituzke ezta?
Askotan entzumena galdu dutenei, mutuei edota haurrei bakarrik bideraturikoak direla pentsatu ohi dugun arren, maskara gardenak denok erabili beharko genituzke. Azken finean, komunikazio hori bermatzeko, gu geuk jarri beharrekoak dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun