Iker Gomez eta Miel Olano leitzarrak ere zoriondu nahi izan dituzte antolatzaileek. Ekainaren 6an erronka ofizialik izan ez zuten arren, erronka beren kabuz egin zuten bi lasterkariek. Biak lagun eta familia izan zituzten alboan ibilbide guztian zehar animoak emateko eta jan-edanak bermatzeko.
Pozik zeuden bi lasterkariak Leitzako plazara ailegatutakoan. Ikerrek behar baino kilometro gehiago egin behar izan zituen, momentu batean galdu eta azkenean 6km gehiago eginez (guztira 74 kilometro). Ez zuen irribarrea galdu eta 18:45 aldera iritsi zen plazara, helmuga inprobisatua prest zuela. Edizio guztietan parte hartu du Iker Gomezek eta larunbatekoarekin zortzigarren aldiz osatu du lasterketa. Anekdotentzako tartea ere izan zen, azken 10 kilometroak "eskobarekin" egin zituen-eta, antolakuntzako kide diren Junkal eta Iraitz bizikletekin azaldu zirelako.
Miel Olano, berriz, goiztiarrago ibili zen. Goizeko 5etan ekin zion erronkari eta 15:00etan iritsi zen Leitzako plazara, irribartsu hau ere. Artxuetatik Leitzarako bidea bere lehengusu Jon Zabaletarekin egin zuen eta «laguntza handia» izan omen zen. Mielek ere familia izan zuen lagun animoak ematen eta jan-edanik falta ez zitzaiola bermatzen. Umore onez esan zuen giro espeziala zegoela erronka gauzatzeko, nahiz eta puntu batzuetan xirimiriak gogortasuna areagotu zuen. Miel ere beteranoa da, larunbatekoarekin seigarren erronka osatu zuen.