COVID-19: Elkarrizketak

«Telelana ez da nahikoa umeak etxean izanda lanean jarraitzeko»

E. Iraola 2020ko eka. 11a, 18:00

Telelanaren abantaila eta desabantailez eta egungo egoeraz hitz egin du Maitek.

Maite LUJANBIO ETXARRI 
Zortzi urtez telelanean ari den goizuetarra

Enpresaritza ikasketak bukatuta duela hogei urte hasi zen Irungo bulego komertzial batean lanean. Duela zortzi urte hasi zen telelanean eta azken lau urteetan etxetik osatzen du lanaldi osoa

Azken boladan modako hitza bihurtu den telelana aski ezaguna zen aurretik ere Maite Lujanbio Etxarrirentzat (Goizueta, 1976). Duela zortzi urte  eskaini zion enpresak ordu batzuk etxean, Arantzan, lan egiteko aukera eta azken lau urtetan bertatik osatzen du lanaldi osoa. Horrek «lana eta seme-alaben zaintzaren kontziliazioa arindu» diela aipatu digu. Gaur egungo egoeran, ordea,  telelana ez dela nahikoa uste du: «ehunzangoaren hanka bat besterik ez da».

Noiztik ari zara telelanean?
Enpresaritzako ikasketak bukatu eta 23 urterekin hasi nintzen lanean, orain Het Elastormertechnik izena duen enpresan. Iker bigarren semea jaio zenean, orain dela ia zortzi urte,  zortzi orduko lana eta kontziliazioa uztartzearren etxetik ordu batzuk lan egiteko aukera eskura jarri zidaten. Orain dela lau urte, berriz, zoritxarrez, Irunen genuen bulegoan bakarrik geratu nintzen eta lan ordu guztiak etxetik lan egiteko aukera eskaini zidaten bakarrik egonen nintzen bulego batetara joan beharrean. Bietan gustura hartu nuen proposamena. 

Nola egokitu zinen?
Lantokia eta etxebizitza banatu eta lanorduak mugatzea izan ziren egin nituen lehendabiziko bi gauzak. Lan ordutegi bat jarri nuen eta ordutegi horretan Irungo bulegoan nengoela pentsatzen hasi nintzen eta ez etxean. Beraz, akabo etxeko lanen tentazioa. Eta gauza bera, alderantziz. Behin, ordutegi horretatik kanpo, lanetik deskonektatzen dut. Nire ustez, mugak jartzea da kontua; norberak bere buruari eta besteei. Egia da, nire nagusi eta lankideek beti errespetatu izan dutela nire ordutegia, kasu oso berezietan izan ezik. Bezeroak ohitu egin dira nire lan ordutegira baita seme-alabak ere. Horrek ez du esan nahi, tarteka, malgua izatea tokatu ez zaidanik eta izan behar ez dudanik ere.

«Telelanak seme-alabez gehiago disfrutatzeko aukera eman dit, bizitza lasaiago hartzekoa, kotxeko eguneroko joan-etorrien arriskua gutxitzekoa»

Zeintzuk izan dira abantailak?
Alde emozionalari begira, etxetik lan egiteak lasaitasun handia eman dit, orain ez bainaiz lanera joateko lasterka ibiltzen ezta eskolara umeen bila joateko ere. Horretaz gain, goizean ordu bat gelditzeko aukera dut umeak jaiki, elkarrekin gosaldu eta eskolara laguntzeko. Segurtasun aldetik ere abantailak ikusten dizkiot, egunero errepidean ibili beharrak ekarri ditzakeen arriskuak ikusirik. Eta azkenik abantaila ekonomikoa ere badu: gasolina, kotxea, aparkalekuetan... gastu gutxiago izaten baita. 

Eta desabantaila?
Jendearekin aurrez aurreko hartu-emana izatea botatzen dut faltan. Telefonoz, e-mailez, komunikatu eta harremantzen naizen arren, ondoan, ondo konpontzen zaren norbait izateak askotan lana arintzen du. Eskerrak Arantzako parkeko eta frontoiko lagunek harremantzeko aukera ematen didaten lan orduetatik aparte! 

Orain etxeko egoera aldatu denean, nola uztartu duzue seme-alaben zaintza eta telelana? 
Ikusirik enpresako lan jarduera nahiko motela zela, orain dela gutxi lau orduko lan murrizketa eskatu dut orain etxean dauden seme-alaben zaintzarekin hobeto uztartu ahal izateko. Hala ere, oso zaila da momentu honetan bi gauzak ongi lotzea. Momentu batean bezero batekin nago eta handik gutxira nire seme-alaben beharren bat ase nahian. Eta lan ordutegiari dagokionez, berriz, seme-alaben beharrak lan ordutegian ase nahi izan ditudanez lan ordutegia zabaldu behar izan dut laneko denbora galera hori nolabait konpentsatzeko. Toki guztietan eta inon ez nagoenaren sentsazioa daukat azken egun hauetan. 

«Momentu berezi honetan, gainera, seme-alabek momentuan ase behar liratekeen behar emozional batzuk asetzea eskatzen dute»

Telelana, hortaz, ez da aski...
2020ko martxoaren 13ra arte, telelanak seme-alabez gehiago disfrutatzeko aukera eman dit, bizitza lasaiago hartzekoa, kotxeko eguneroko joan-etorrien arriskua gutxitzekoa. Halere, bizitzen ari garen egoera honetan, hau da, umeak etxean eta lanarekin jarraitu beharra, telelana ez dela nahikoa pentsatzen dut. Ehunzangoaren hanka bat besterik ez da. Momentu berezi honetan gainera, seme-alabek, momentuan ase behar liratekeen behar emozional batzuk asetzea eskatzen dute. Ezin dira gerorako utzi eta egoera berri honetan etxean gaudenok lagundu behar diegu. Baina lanaren exijentzia hor dago eta pisu haundia dauka. Beraz, ehunzangoaren gainontzeko hanken behar handia izanen dugu egoera honetatik denok emozionalki sano atera ahal izateko: etxean umeak zaintzen geratzea erabakitzen dutenei dirulaguntzak ematea, hurbilekoen laguntza...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun