COVID-19: Elkarrizketak

«Atzera ez egiteko denon ardura da neurriak errespetatzea»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 6a, 13:08

Saioa Maritorena eta Joana Claudio leitzarrak.

Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko Gizarte Zerbitzuetatik egindako eskaerari erantzunez, bideo berezia osatu dute Saioa Maritorena eta Joana Claudio leitzar gazteek. Baten marrazketarako gaitasuna eta bien musikarako abilezia elkartuta osatu dute lana. Batez ere, gazteengan eragiteko kanpaina baten parte izan den arren, gizarte osoarentzat da baliagarria zabaltzen duten mezua: «arriskuak kalean jarraitzen du eta ezin gara erlaxatu».

Hamazazpi eta hamasei urte dituzte, hurrenez hurren, Saioak eta Joanak. Konfinamendu garaian, «lagunen falta asko nabaritu eta haiekin ezin elkartua oso gogorra» izan den arren, egoera berrira «uste zutena baino hobeto» egokitu direla azaldu dute. Artea izan dute horretan goxagarri: «musika, literatura… halakorik gabe ez zen berdina izanen». Afizioekin batera, eskolako lanak ere egin behar izan dituztenez, «ez dugu aspertzeko denborarik izan». Gizarte zerbitzuetatik jasotako proposamena gauzatzeko ere hartu dute tartea: «Gizarte zerbitzuetatik jaso genuen deia eta animatu egin ginen. Ideia jendea segurtasun neurriak betetzera bultzatzeko bideo bat egitea zen, gehienbat gazteei zuzendutakoa. Gizarte zerbitzukoek pentsatu zuten mezua gazteok zabaltzen bagenuen indar gehiago izanen zuela. Asko eskertzen dugu guri deitu izana».

Bi astetan osatu zuten lana: «hasteko, Covid-19aren aurretik zegoen egoera, gertatu dena eta orain egin beharrekoa jaso du Saioak marrazkien bidez». Abestia osatzea hasieran kosta bazitzaien ere, elkarlanean egin zuten eta «gero, marrazkiak eta kanta elkartu genituen, bideo bat osatuz. Letra ere jarri genuen, mezua argiagoa izateko. Ondoren,  gizarte zerbitzuko kideei bidali genien».

Jendearen jokaera
«Segurtasun neurriak errespetatu eta ez erlaxatzea» horixe da bideoak zabaltzen duen mezua. Izan ere, konfinamendua arindu ondotik jendearen jokaera ez dela egokiena uste dute: «hasieratik geneukan argi jendea azkar eta presaka aterako zela kalera. Bi hilabetez lagunak eta familiako kideak ikusi gabe egotea gogorra da eta denok geunden irrikitan kalera ateratzeko». Gazteen artean onartu dute,«segurtasun neurriak errespetatzea asko kostatzen zaigu». Hori dela eta duten kezka handiena «atzera pausoak egitea da». Fokua, maiz,  gazteengan jartzen den arren, argi utzi dute ez direla gaizki ari diren bakarrak: «ez dago gure eskuetan bakarrik, biztanle guztien eskuetan baizik. Denok buruan eduki beharra dugu arriskuak kalean jarraitzen duela eta ezin garela erlaxatu». 

Ezohiko uda
Azken asteetako datuek ere egoera erlaxatzeko bidea eman dutela uste dute: «egia da oso ongi doala dena, baina horrek ez du esan nahi birusak oraindik kalean jarraitzen duela ahaztu behar dugunik». Horrekin lotuta, badakite aurtengo uda ezohikoa izanen dela: «baina horrek ez du esan nahi ongi pasatzeko aukerarik izanen ez dugunik». Etxean egon behar izan duten denborak erakutsi die zerk duen benetako balioa: «orain gure ingurukoekin, maite ditugunekin, egoteko garaia da. Momentua gozatzekoa, ez da asko behar gustura egoteko. Ez dakigu hemendik hilabete batzuetara non egonen garen eta aprobetxau beharra dugu.

Herritarren babesa
Bideoak izan duen harrerarekin ere gustura daude: «oso kritika onak jaso ditugu familia, lagunen eta herritarren partetik eta asko eskertzen dugu. Karrapen elkarrizketa ere egin ziguten eta Ttipi-Ttapakoek emandako aukera ere berezia da. Guretzat berria izan da herriaren babesa edukitzea eta oso pozik gaude gure mezua ulertu eta zabaldu dela ikusita». Eskerrak eman nahi izan dizkiete zoriondu dituzten guztiei: «gutxi badirudi ere, guretzat oso garrantzitsua izan da jendeari guk sortutako zerbait gustatu zaiola ikustea eta aurrerago gauza berriak egiten jarraitzera animatzen gaitu». 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun