Herri lanetarako bi langile kontratatuko ditu Aresoko Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 3a, 11:00
Aresoarrek izango dute lehentasuna. A.GOÑI

Interesa dutenek ekainaren 11 baino lehenago egon beharko dute izena emanda Doneztebeko Enplegu Bulegoan.

Aresoko Udalak uda partean hasi eta urte bukaera arte herri lanetan aritzeko bi langile kontratatuko ditu.  Zerbitzu anitzetako bi lanpostu izango dira eta interesa dutenek Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena eman beharko dute ekainaren 11ko 14:00ak baino lehen.

Sei hilabeteko kontratua izango da, %75eko lanaldiarekin. Aresoarrek izango dute lehentasuna  eta  hautagairik aurkeztuko ez balitz, Leitzaldera ere zabalduko dute deialdia. Bi lanpostu hauek ordaintzeko, Nafarroako Gobernuak ematen duen dirulaguntza eskatuko dute eta hala, zati bat diruz lagundua izanen da. Hautagaiek proba praktikoa  egin eta euskara maila ziurtatu beharko dute.

Auzolana 

Ezohiko egoera izan dute orain arte Areson. Herri-langilea eszedentzian dago eta beste bat kontratatzeko arazoak izan dituzte. Horregatik, duela gutxi herria txukuntzeko auzolanean aritu ziren hainbat herritar, udaletik eskerrak eman nahi izan dizkiete parte hartu zutenei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun