HODEI LUJANBIO

«Kirol-puntu onean egonik, etxean gelditzea zaila egin zait hasieran»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 29a, 11:42
Hodei Lujanbio kirolari goizuetarra.

Hodei LUJANBIO APEZETXEA
Goizuetako kirolaria

Nor da Hodei Lujanbio?

Mendian ibiltzea eta mendi lasterketetan parte hartzea gustatzen zaion goizuetarra.  

Noiz hasi zinen lasterketetan parte hartzen?

2014an hasi nintzen mendian lasterka ibiltzen. Goizutrail antolatu zen lehenengo urtea izanik, mendia probatu eta parte hartzera animatu nintzen. Herrian lasterketa antolatuta, herriko kirolzaleek parte hartu behar!      

Martxoan Lesakako II. Mendi lasterketa irabazi zenuen...

Azken aldian  gustura ari nintzen lasterka eta emaitza onak eta podium batzuk lortuak nituen, baina irabaztea beti izaten da zaila... Lesakarekin beti eduki  dugu harremana goizutarrok eta alde hortatik, poz gehixeago eman zidan. Konfinamendu aurreko azkena zenez, zapore onarekin gelditu nintzen behintzat! 

Ekainean Euskal Herria Mendi Erronkan parte hartu izan duzu…  

Bai. Lehengo urtean distantzia probatu eta ibilbidea ezagututa, aurten errepikatzeko asmoa nuen. Gustatu zitzaidan seinale!

Lehendabiziko aldia, eta eskualdeko lehendabizikoa izan zinen...

Oso gustora egin nuen eta emaitzarekin oso pozik eta harrituta ere geldittu nintzen. Helburua beti hobetzea izaten da, baina distantzia horietan zaila da... 

Zer du EHMEk bereizgarri?

Distantzia. Gainera, oso ibilbide polita iruditu zitzaidan. 

Beste kirolen bat egiten duzu?

Lasterka egunero ibiltzea ez da komeni. Bizikleta estatikoa, eliptika, indar ariketak… tartekatzen ditut. Lagun artean frontenisen ibiltzea ere gustatzen zait.

Konfinamenduan nola moldatu zara? 

Hasieran zaila egin zitzaidan. Kirol-puntu onean egonik, etxean gelditu, ezin mendian entrenatu, lasterketa guztiak suspenditu… Ahal den neurrian etxean forma mantentzen saiatu naiz. 

Festak ere hor daude... Bertan behera gelditzeko arriskua ikusten duzu? 

Bai edo orain arte ezagutzen ditugun bezala behintzat ez dira izanen. Festak jende aglomerazioekin lotzen ditugu Euskal Herrian, eta hori da orain saihestu beharrekoa. 

Festa eta kirola bateragarriak dira? 

Bakoitza noiz egin jakin behar... Parranda eginez gero, igandea deskantsu! Kirolean maila onean ibiltzeko parranda kopurua neurtzea beharrezkoa da.

Zein ekitaldi izanen litzateke faltan izanen zenukeena? 

Lagun arteko otorduak eta txarangaren gaueko buelta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun