Maiatzaren 25ean hasi ziren berriz ere lanean Leitzako liburutegian, baina aste honetan ateak itxita ariko dira lanean egoera berrira egokitzen joateko. Etxean dituzten dokumentuak itzultzen hasteko aukera ere eman diete erabiltzaileei, horretarako liburutegian bertan prestatu duten gunean (14:00etatik 18:00etara).
Ekainaren 1etik aurrera, dokumentuak itzultzeaz gain, maileguan hartzeko aukera ere izanen dute. Irakurketarako guneak, ordea, ez dituzte irekiko eta dokumentuen trukea liburutegiko sarreran jarri duten gunean eginen dute. Aukeraketa egiten laguntzeko umeentzako liburuak liburutegiko kanpoko aldetik ikusteko moduan jarri dituzte eta helduenak sarreran. Itzulitako liburuek ere trataera berezia izanen dute, berrogeialdian egon beharko baitute bi astez.