COVID-19: Elkarrizketak

«Baldintza hauetan ezin dugu negozioa ireki»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 29a, 07:30

Sonia Largo Leitzako Atseden goxo tabernako jabea da eta alokairuan hartua du Jubilatuen taberna.

SONIA LARGO DIAZ
Leitzako ostalaria

Leitzako Atseden Gozo kafetegiko jabea da Sonia bere anaiarekin batera eta urtarrilaz geroztik Jubilatuen taberna alokairuan hartua dute. Alarma Egoera indarrean jarri zenetik, batean zein bestean, pertsianak itxiak dituzte eta momentuz lanean ez hastea erabaki dute: «gastu asko dira eta irabaziak ttikiak». Gainera, arrisku taldeko kidea ere bada Sonia eta horrek baldintzatuko du bere itzulera: «segurtasun osoz lan egin dezakedala jakin arte ezin naiz lanera bueltatu».

Martxa betean harrapatu zituen Espainiako Gobernuaren aginduak martxoaren 14an: «kafetegiko eta ostatuko lana partekatzen genuen astean zehar, goizez batean eta arratsaldetan bestean arituta. Asteburuetan, berriz, ostatuan bazkari eta afariekin eta etxerako zerbitzuarekin lan dezente izaten genuen». Hasierako egunetan nahasita ibili zirela aitortu du Soniak: «ez genekien oso ongi zer egin behar genuen ezta zer pasako zen ere». Etxekoez gain, soldatapeko hiru langile aritzen dira beraiekin eta «ERTEan sartu behar izan ditugu».

«Kontuak ez zaizkigu ateratzen horrela irekita»

Geroztik, konfinamendua arintzeko neurriak iragarri ahala, zenbakien dantza hasi da beraientzat. «Terrazak %50eko aforoarekin irekitzeko baimena eman zuten eta etxerako zerbitzuarekin hasteko aukera ere bazen, baina ez da errentagarria. Barruko mahai kopuruak ere asko murriztu beharko lirateke segurtasun tarteak mantentzeko. Kontuak ez zaizkigu ateratzen horrela irekita». Argi dio: «gastu asko eta irabaziak ttikiak dira». Horregatik, momentuz lanean ez hastea erabaki dute: «eta hurrengo fasean irekitzeko ere asko pentsatu beharreko egoera da».

«Nire egoera berezia izanik laneko bajan egon beharko nuke, baina oraingoz trabak jarri dizkidate»

Gainera, arrisku taldeko kidea ere bada Sonia (giltzurrun trasplantea egina diote) eta horrek baldintzatuko du bere itzulera: «segurtasun osoz lan egin dezakedala jakin arte ezin naiz lanera bueltatu». Estatuak jarritako legeetan berea bezalako kasuak ez direla biltzen ere salatu du: «nahiko haserre nago gai honekin, nire egoera berezia izanik laneko bajan egon beharko nuke, baina oraingoz trabak jarri dizkidate». Ulergaitza zaio egoera: «jakin dudalako hainbat enpresetan lanean aritu eta ni bezala arrisku taldeko kide direnei onartu dietela laneko baja. Beraz, ni ere berriro saiatuko naiz». Osasuna edo lana, balantzan jarri beharra sentitu du eta momentuz, osasunak irabazi du: «ikara dezente ematen dit lanera bueltatzeak, lanean pertsona askorekin egon beharko naizelako kontaktuak. Hori niretzako arrisku bat da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun