Torrea tabernak hainbat produktu jarri ditu salgai egoera ekonomikoari aurre egiteko

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 22a, 13:00
Torrea tabernari ekonomikoki laguntzeko bidea jarri dute martxan.

Alarma egoerak, Espainiako Auzitegi Gorenak kontuak enbargatu izanak eta lokala konfiskatzeko mehatxuak egoera berezian utzi du Leitzako Torrea taberna «gaur gaurkoz ezin dugu ireki eta gastuei aurre egiteko bideak aurkitu behar ditugu». Horregatik, stockean gelditu zaizkien edariak, jakiak eta bestelako produktuak saltzen hasi dira.

Bestelako diru-iturririk gabe, produktuen kostuak ordaindu eta berreskuratutako diru horrekin bestelako gastuei aurre egitea da Torreako kideen asmoa. Mota guztietako edariak, jakiak, arropa... jarri dute salgai. Hemen kontsulta daiteke produktu guztien zerrenda. Keinu txiki mordoxka bat biltzea dute helburu: «sortu zaigun egoerari erantzun kolektibo bat ematea. 26 urtez egin dugun bezala eskuz esku, elkarrekin proiektu hau sustengatzen jarraitu ahal izateko». 

Produktuen zerrendatik aukeraketa egin eta datuak bete ondotik, banaketaren egun nahiz orduarekin mezua jasoko dute erosketa egiten dutenek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun