Terrazei tokia egiteko Elbarren kaleko zati bat oinezkoentzat egitea erabaki du Leitzako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 22a, 10:20
Adur tabernako izkinatik Peritza tabernara arteko zatian autoek ezin izanen dute ibili.

Leitzako Udalak terrazak irekitzeko baimena eskatu duten ostalariei laguntzeko ahalegina eginen du. Hori dela eta, terrazei eskainitako eremua aldi baterako handitu eta Adur tabernatik Peritzara doan tartea autoei itxita egonen da abuztuaren 31ra arte.

Leitzako Udalak tokiko ekonomia berrindartzeko neurriak hartzen saiatuko dela iragarri zuen berriki. Krisialdi honek zuzenean kaltetu duen sektoreetako bat ostalaritzakoa dela jakinik, taberna eta jatetxeak berriz ere lanean hastea ahalbidetuko duten neurriak hartzen hasi dira.

Adur tabernak, Musunzar ostatuak eta Txoko tabernak terraza jartzeko eskaera egin diote udalari «terrazak okupazioaren %50arekin irekita, bizimodua ateratzeko aukerak eskasak diren arren». Hauei laguntzeko, Osasun Ministeritzako Aginduko 15.2 artikuluan ematen den aukera baliatuz, terrazen eremua behin-behinean handitzea erabaki dute zenbait kasutan. Hala, Adur, Musunzar eta Txoko tabernak dauden Elbarren kaleko zati horretan autoen pasabidea debekatu eta oinezkoentzat uztea erabaki du udalak: Adurreko etxe izkinatik hasi Peritzako etxe izkinaraino.

Ordutegi mugatua

Bizilagunen atsedena bermatzeko, terrazen ordutegiak zorrotz-betearaziko dituztela ere azaldu du udalak: «goizeko 8etatik gaueko 11etara baimentzen da terrazen jarduera». Gainera, zamalanetarako, mugimendu arazoak dituztenei laguntzeko edota bertan dauden garajeetan kotxeak sartu ahal izateko, zeregin horiek behar duten denborarako, auzokoek kalean nahiz plazaraino sartu ahal izanen dituzte kotxeak.

Udazkenean balorazioa 

Behin behineko neurria izanen dela ere gaineratu du udalak: «udazken artekoa, koronabirusak eragindako ondorio latzei aurre egiten laguntzeko». Udazkenean Elbarren kaleko zati horretan bizi diren bizilagunekin biltzeko konpromisoa hartu dute: «neurri horien ondorioak baloratu eta etorkizunera begira kalea antolatzeko modurik egokiena zein izan daitekeen erabaki aurretik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun