NILSAk 470.000 euroko inbertsioa egingo du Aranon 2021ean araztegi bat eraikitzeko

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 22a, 08:30
Aranon araztegia eraikitzeko proiektua.

Proiektua sozietate publikoaren planean kokatzen da, 200 bizilagunetik beherako herri guztietan araztegiak jartzeko

NILSA sozietate publikoak, Nafarroako Gobernuaren Lurraldearen Kohesioko Departamentura atxikita dagoenak, Aranon araztegia eraikitzeko proiektua aurkeztu du. Lanen aurrekontua 470.000 eurokoa da, saneamendu-kanonaren bidez finantzatuko da, eta 2021. urtean funtzionamenduan izango da.

Tokiko Azpiegituren Nafarroako Sozietatea SAren Proiektuen arloko taldeak proiektua Aranoko Udalean aurkeztu du. Bertan, araztegia jartzeaz gain, bi hustubide berri egingo dira eta lehendik dagoen kanal batera konektatu. Aurkezpena bideokonferentzia bidez egin dute, COVID-19aren pandemia ez hedatzeko ezarritako mugak direla-eta.

Aranok 116 biztanle ditu, bi hirigunek osatzen dute, Beheko Herriak eta Goiko Herriak, eta orografia konplexuko zonan kokatzen dira: malda handiko mendi-hegalak, bide oso estuak eta gurutzatze-puntu eta materialak biltzeko gune gutxi. Beraz, horrek guztiak planteatutako irtenbidea baldintzatu du.

Tamaina horretako herrietako urak arazteko, saneamendu-sistema sendoa behar da, mantentze-lan gutxirekin eta energia elektrikorik gabe funtzionatzeko aukerarekin. Ondorioz, araztegia Imhoff iragazkiekin eta bakterio-ohantzearekin eraikitzea hautatu da; guztira 675 metro karratuko eremua hartuko dute. Era berean, 420 metroko luzerako hustubide berria eraikiko da Beheko Herriko hirigunean eta 120 metroko beste hodi bat instalatuko da araztegiaren eta tokiko bidearen artean; ondoren, lehendik dagoen eta aurreko fase batean berritua izan zen hustubidearekin konektatuko da leku horretan.

Proiektua 2021. urtean gauzatuko da, 5 hilabeteko iraupena izango du, eta segundoko 0,28 litroko batez besteko emaria tratatu ahal izango da (24 metro kubiko egunero), segundoko gehienez 1,89 litrora heltzeko aukerarekin (168 metro kubiko egunean). Ez da lohiz betetzeko arazorik aurreikusten, ekaitza edo euri asko egiten duenean sortzen den emaria segundoko 0,67 litrokoa izatea aurreikusten baita.

Proiektua NILSAk 200 biztanle baino gutxiagoko herri guztietan araztegi-estazioak jartzeko duen planean kokatzen da, nahiz eta herri horiek hobi septikoak izan. Gaur egun, Nafarroako biztanleriaren %1,81ak soilik ez du saneamendu-sistema osorik. Oso sakabanatuta dauden herriak dira, eta ingurumenean inpaktu oso arina dute, etxeko isuria delako, eta, hortaz, ez dago industria-karga kaltegarririk, bakarrik organikoa baizik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun