Egoera honek guztiak nola harrapatu zintuzten?
Momentu oso onean harrapatu gintuen, ilusioz beterik. Gure merkatua zabaltzeko mundu mailako web orrietan iragartzeko apustua egina genuen, publiko zabalago batengana heldu eta beste bezero mota batengana iristeko. Horren ondorioz, udarako erreserba dezente lotuak genituen eta azkeneko hilabeteetan ere nabaritu genuen gorakada; urtarrilean eta martxoan, normalean hilabete motelagoak izaten direnak, erreserba dezente izan genituen. Gelak alokatu beharrean, geroz eta indar gehiago zuen etxe osoa alokatzeko aukerak. Ezkontza ttiki bat ere bagenuen, Valentziatik urtero etortzen den bikote batena. Guztia prestatzen ari ginez gogoz.
«COVID 19a gure artean dago, horrekin bizi behar dugu eta horrekin zabaldu behar ditugu gure negozioak»
Egun batetik bestera dena bertan behera gelditu zen…
Bai, hala da. Erreserba guztiak bertan behera gelditu ziren. Hasieran shock handia izan zenik ezin dut ukatu, baina saiatu ginen egoerari buelta ematen. Mundu guztia zegoen berdin. Ahalik eta lasaien egoten saiatu ginen eta egunetik egunera ikusten ze martxa hartzen zuen guztiak. Bezeroei erreserba egiterakoan emandako seinalea bueltatu genien osorik eta egoera honi nola eutsi erabakitzen joan ginen.
Ez genekien zenbat iraungo zuen egoera honek eta oraindik ere ez dakigu. Konfinamendua arintzen ari da orain, lehenengo fasean gaude, baina COVID 19a kanpoan dago, hemen dago, gure artean, horrekin bizi behar dugu eta horrekin zabaldu behar ditugu gure negozioak. Ikasi egin beharko dugu nola aurre egin, nola eutsi. Eustea da minimoetara iristea eta bilatzea nola indartu ilusioa eta lan martxa hartzen joatea. Burutan genituen hobekuntza lanak egiten hasi eta bueltarako prestatzen aritu gara geroztik.
«Jendeak zer behar duen ulertu beharko dugu, zer eskatzen duen ikusi eta gu horretara egokitu»
Landetxean bertan egokitzapenak egin beharko dituzue? Zerbitzua aldatu beharra izanen duzue?
Gure lan egiteko modua, gure begirada, egokitzen joan beharko dugu. Jendeak zer behar duen ulertu beharko dugu, zer eskatzen duen ikusi eta gu horretara egokitu. Landetxearen alokairu osoa indartzea da orain gure asmoa, gosariak ere ez ditugu zerbitzatuko aurrerantzean. Orain arte gure presentzia garrantzitsua iruditzen zitzaigun, orain ordea, gehiago uste dugu familia berekoak edo lagunek elkarrekin egoteko espazio bat behar dutela. Baserriko kanpoaldeko zerbitzuak: baratzeak, oilategia, ingurua… hobetzea izango da gure beste erronka. Kanpora atera gabe zerbitzua indartzea. Bezeroei gozatzeko aukera eman nahi diegu eta gaur egun, toki seguru bat eskaintzea da gure ustez horretarako bide bakarra. Konfiantza hori eman behar diezu oporrak behar dituztela erabakitzen dutenei. Horrela pixkanaka jendea mugitzen hastea da gure asmoa.
«Bezeroei gozatzeko aukera eman nahi diegu eta gaur egun, toki seguru bat eskaintzea da gure ustez horretarako bide bakarra»
Berriz ere lanera bueltatu zarete?
Maiatzaren 11tik aurrera irekitzeko baimena genuen eta lehenengo bezeroa gure artean dugu. Gipuzkoan lan egiten duen Granadako bezero bat. Askotan etorri izan zaigu, bera izan zen martxoaren 13an landetxetik atera zen azken bezeroa eta etortzen ere lehenbizikoa izan da. Baina, kasu berezi honetatik kanpo, probintziatik mugitzeko aukerarik ez denez, esperoan gaude.
Egoera honetan lan egiteko jarraibideak jaso dituzue?
Protokolo oso zehatzak jarraitzen ditugu. Nafarroako Gobernuko turismo saila online ikastaroak eskaintzen ari zaigu, dohainik. Oso baliagarriak eta oso interesgarriak dira. Zailena da bi astetik behin gutxienez, gure burua birkokatu, baldintza berriak ikusi eta nola jokatu ikasten ibili beharrak garela.
Ze neurri berezi hartuko dituzue?
Lehen bezeroei ongietorria eman eta tratu hurbila eskaintzen saiatzen ginen, orain kontaktu fisiko hori ekidingo dugu. Bideo bat grabatuko dugu etxearen funtzionamendu osoa azaltzeko. Bezeroek ikus dezaten gela bakoitza nola prestatu eta garbitu dugun, etxeak nola funtzionatzen duen… Ordainketa guztiak ere online eginen dira: boligrafo, datafono… guztiak ekiditeko.
Desinfekzioa tentuz zaindu behar dugu eta arropak tenperatura altuan garbitu. Ez da gelditu behar bezeroak ukitutako ezer garbitu gabe; lehen garbiketa garrantzitsua bazen, orain are gehiago. Dekorazio elementu guztiak ere momentuz kenduta dauzkat.
Horretaz gain, maskarak, eskularruak erabiliko ditugu bezeroen aurrean eta eskuak maiz garbitu. Gel hidroalkolikoak ere gela guztietan eta harreran eskuragarri izanen dituzte eta osasun zentroen inguruko informazio zehatza ere eskainiko diegu.
«Gure alde dugu natura dugula eskaintzeko. Natura aukeratzeak ziurtasuna berez ematen duela eta, gainera, espazio ireki batean lan egiten dugu»
Zer aurreikuspen dituzue datozen hilabeteetarako?
Egoerari eusteak izan behar du gure helburua, ez irabazi handiekin amestea. Hasi zaigu jendea informazio eske eta udako erreserba pare batek ere indarrean segitzen dute oraindik. Bi astetik behin erabakiak hartzen joanen gara, ikusi eta ikasten. Argi dugu orain arte bezala, kalitatea eskaini behar dugula. Bezeroak seguru sentitu behar du, konfiantzazko klima bat eskaini behar diegu, turismoa indartu nahi badugu. Izan ere, une honetan, familia batek bidaiatzeko dirua eduki dezake, baina beldurra sentitu. Mugak ireki eta garraio bideak indartzea ere garrantzitsua da guretzat.
Baikorrak izan behar dugu. Egoera hau pasa egingo dela pentsatu. Gure alde dugu natura dugula eskaintzeko. Natura aukeratzeak ziurtasuna berez ematen duela eta gainera, espazio ireki batean lan egiten dugu.