COVID-19: Elkarrizketak

«Aurtengo kontzertuak galdutzat jo ditugu jada»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 14a, 11:00

16 bat urte zituenetik musikagintzan murgilduta dabil Zabaleta.

Dei batek ireki zion eszenatokirako bidea Aitor Zabaletari (Leitza, 1975). Aurretik lagunartean musikan ibilia bazen ere, «1995ean» eman zuen etxetik plazarako pausoa: «Xabi Solanok deitu zidan eta Etzakit taldea sortu genuen». Barru-barrutik ezagutu ditu 25 urteotan musikagintzan izan diren aldaketak. «Kontsumo nahiz sorkuntzarako teknologiak izan duen garrantzia handia eta Internetez klik batean dena eskuratzeko erraztasuna» izan dira nabarmenenak bere ustez.

Gaur gaurkoz, musikariek «orokorrean, egoera ezegonkorra» bizi dutela eta «instituzioek ez dituztela kontuan hartzen» uste du Zabaletak: «sekula ez dugu egun bat pasatu musikarik gabe, ohartzen ez bagara ere hor dago». Dena den, «musika sortzetik gutxi bizi dira, askok bigarren lan batekin osatzen dute euren soldata eta beste batzuek ezin dute aurrera egin eta uztera derrigortuak daude».

Gehiago ere bada. Zabaletaren ustez, «musikarien egoera berean daude aktore, idazle eta kulturgintzan dabiltzanak». Horren aurrean, saretzearen garrantziaz ere mintzatu da: «gizarteak musika babestea nahi nuke eta instituzioek musikariak kontuan hartzea, erreminta legalak eta baldintza onak izan ditzaten».

«Bi proiektutako 50 bat kontzertu utzi behar izan ditut»

Musikaren presentzia eta laguntzen arteko arrakala handiagoa da koronabirusak eragindako itxialdi garai honetan. Izan ere, «kontzertu guztiak bertan behera gelditu zaizkigu». Leitzarrak, esaterako, «bi proiektutako 50 bat kontzertu» utzi behar izan ditu eta horrek «datozen hilabeteak eta hurrengo urtea birplanteatzea» eragin dio: «guk ez dugu laguntzarik izanen eta aurtengo kontzertuak galdutzat ematen ditugu jada».

Ez kontzerturik, ez talde entsegurik: «ezin gara elkartu eta dena geldiarazi digu». Etxetik etxera ailegatzeko irabazirik gabe lanean ari dira: «bideoak grabatzen ari gara eta laister gure sare sozialetan ikusgai egonen dira. Jendeak hori estimatzen du...».

Guztiaren gainetik, «zorionekotzat» du bere burua: «beste lan bat ere badut eta lanean ari naiz. Taldekide asko bigarren lan hori gabe gelditu da eta egoera ez da samurra».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun