Goizuetako Iriartenea egokitu eta auzolanean txukuntzeko prest utzi dute

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 13a, 16:43
Herriko taldeek erabiltzeko egokitu dute eta birusak uzten duenean auzolanean margotu eta txukunduko dute.

Goizuetako Iriartenean barneko lan gehienak amaitu dituztela jakinarazi du udalak. Egoerak baimentzen duenean, auzolanean txukuntzeko eta margotzeko asmoa dute.

1555eko eraikin hau, Donostiako dantza-leku ezagun baten izenari zor zaio eta Tifanitxo (edo Zentroa) bezala ezagutzen dute askok, 1970etik aurrera beheko solairuan dantza egiten zelako. 1995etik aurrera, berriz, gaztetxe bezala egin da ezagun, beheko solairua taberna eta lehen solairua Gazte Asanbladaren elkargunea izan baita urte luzez.

157.697 euroko inbertsioa

Hemendik aurrera ere, herriko hainbat eragilek erabilera emateko moduan izango da. Izan ere, eraikinaren egoerak okerrera egin zuela eta, Goizuetako Udalak lau paretak eta teilatua berritu zizkion duela lau urte eta aurten, abendutik martxora bitartean, eraikina barrutik egokitzeko lanak egin zaizkio, azken txukunketen esperoan utziz. 

Azken lan hauek 157.697,55 (BEZ barne) euroko kostua izan dute, eta Nafarroako Gobernua eta Feaderrek (Landa Garapenarako Europako diru funtsak) finantziatu dute, 50.000€ko dirulaguntzarekin. 

Esan behar da, lan hauek aprobetxatuz, lehen pilotarien aldagelak ziren txokoan, komun publikoa egin dutela, aspalditik zetorren herritarren eskaerari erantzunez.

Auzolean margotu eta txukunduko dute

Hemendik aurrera azken lanak egitea faltako da. Argiteriaz Udala arduratuko da, eta Covid-19ak sortutako alarma egoera bukatzen denean, auzolanean margotu eta txukuntzeko moduan izango da, eraikin honen erabilera publiko eta herritarrarekin jarraitu ahal izateko

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun