COVID-19: Elkarrizketak

«Leitzaldean oraingoz foku aktiborik ez dagoen arren, ezin gaitezke erlaxatu»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 11a, 07:30

Iosune Uranga Agirre Leitzako osasun etxeko erizainen burua.

COVID-19az gaixotutako sei kasu baino ez dituzte baieztatu Leitzako osasun etxean. Datuak alde dituzte, baina horrek herritarrak gehiegi erlaxatzea eragin duela uste du Iosune Uranga Agirre Leitzako osasun etxeko erizainen arduradunak: «hainbatek ez dituzte gure gomendioak betetzen, horrek dakarren arriskuarekin». Arduraz jokatzeko deia egin die Leitza, Areso, Arano eta Goizuetako herritarrei, are gehiago gaurtik aurrera herritarrek mugimendurako askatasun gehiago izanen dutenean.

Arrazoi argirik gabe, «zortea aldeko» izan dutela aipatu digu Iosune Uranga Agirrek Leitzaldeko koronabirus kasuak mahai gainean jarritakoan: «gaixo dagoen jendea ez delako herrira etorri». Gaur gaurkoz, sei kasu baino ez dituzte baieztatu Leitza, Areso, Arano eta Goizuetako herritarrak artatzen dituzten osasun etxean; gure eskualdeko daturik baxuena.

Guztiak positibotzat jo
Gaixotasunaren aurrean osasun etxeko langileek hasieratik izandako jarrera zorrotza ere lagungarri izan da Urangaren ustez: «sintomaren batekin hasten zen jende guztia eta bere etxekoak isolatuta eduki ditugu, gaixo baleude bezala. Coronavirusaren probak egiten ez zirenez, guretzat denak positiboak ziren».

«Testik ez genuen hasieran eta material falta izugarria izan genuen»

Gerora jakin dute hasiera hartan positibotzat jotako hainbat ez zirela hala, baina bitartekorik ezean zuhurtziaren aldeko apustua izan zen beraiena: «testik ez genuen hasieran eta material falta izugarria izan genuen». Test azkarrak iristen hasi zaizkie orain eta isolamenduan egon direnei pixkanaka deitzen ari dira txanda eman eta proba egiteko: «horrela gaixotasuna pasa duten edo ez jakin dezakegu. Etxez etxeko langileei, adibidez, egin dizkiegu test azkar hauek».

Bitartekoak lortu ondotik, pazienteekin jokatzeko modua bestelakoa da: «sintomaren batekin hasi bezain laister PCR proba eskatzeko aukera daukagu, eta froga horren erantzuna etorri arte bakarrik egoten dira isolamenduan sintomekin dagoen persona eta bere bizikideak. Normalean froga hori egiteko txanda bi edo hiru egunetan ematea lortzen dugu».

PCR frogaren bidez pertsona bat momentu horretan kutsatua dagoen jakin dezakete: positibo atera ezkero, pertsona hori isolamenduan jarriko genuke baita bere bizikideak ere. Gaixoarekin kontaktu estua izan dutenak ere zaindu beharko genituzke, sintomaren bat izan ezkero froga egiteko lehenbailehen».

«Orain ahal diren kontsulta guztiak telefonoz egiten saiatzen gara»

Egokitu beharra 
«Txertoa atera bitartean» beraien lan egiteko modua goitik behera aldatu dela ere nabarmendu du Urangak: «orain ahal diren kontsulta guztiak telefonoz egiten saiatzen gara». Telefonoz moldatu ezin dutenetan, osasun etxean artatzen dituzte baina protokolo zorrotza betez: «jendea itxarongelan ezin da pilatu, emandako orduak errespetatu beharko dira jende pilaketak sahiesteko eta segurtasun distantziak mantendu beharko dira. Gainera, osasun etxera sartzeko txirrina jo beharra dago eta gure baimena behar dute sartzeko. Maskara jarrita eramatea derrigorrezkoa da, eta eskuak sarreran gel hidroalkoholikoarekin garbitu behar dituzte».

«Langile askok PCR froga egitera joan behar izan dugu erabilitako maskarak egokiak ez zirela esan digutelako eta kutsatzeko arriskuan ibili garelako»

Segurtasun neurri guztiak betez ari badira ere, tarteka ezustekoren bat izaten dute: «orain materiala badugu, baina tarteka lote batzuk kalitate onekoak ez direla esaten digute. Azken egunetan, langile askok PCR froga egitera joan behar izan dugu erabilitako maskarak egokiak ez zirela esan digutelako eta kutsatzeko arriskuan ibili garelako».

Kaleko giroa
Kaleko giroaz galdetuta, «jendea oso erlaxatua» dagoela ikusten dute, «batzuetan ez dituzte gure gomendioak errespetatzen, horrek dakarren arriskuarekin». Izan ere, Leitzaldean oraingoz foku aktiborik ez dagoen arren, «birus hau ikusezina da eta arriskua hor daukagu jendearen joan-etorriak ez direlako gelditu».

Alarma egoeran fasez aldatuta herritarrek mugimendurako askatasun gehiago izanen dutela jakinik, arduraz jokatzeko eskaera egin dute osasun etxeko langileek: «mesedez kontuz ibili eta ahal den neurrian bakoitzak bere burua babes dezala, honela guztiok babestuago egonen garelako»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun