Bihotzekoak jotako txirrindulari bat salbatu dute Goizuetako osasun langile eta suhiltzaile boluntarioek

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 8a, 07:52

Goizuetako osasun langileek eta suhiltzaile boluntarioek artatu zuten lehenik 45 urteko txirrindularia.

Donostiako Ospitalera eraman behar izan zuten asteazkenean eta ebakuntza egin ondotik ZIUn egon beharko du

 

Osasun langile eta suhiltzaile boluntarioei eskerrak eman dizkie Goizuetako Udalak. Asteazkenean bihotzekoa izandako 45 urteko gizona salbatu zuten. Donostiako Ospitalean egin zioten ebakuntza eta orain, ZIUn baina onik dago.

«Zortea izan zuen, ez baitzen bihotz-biriketako geldialdian sartu», azaldu du Fernando Goia, suhiltzaile boluntarioak. Asteazkenean gertatu zen. Goizuetako 45 urteko gizon bat bizikletan ibiltzera atera zen; «horretara ohitua dago, asko ibiltzen da», baina ongi sentitzen ez, eta eseri eta laguntza eskatu zuen. «Medikuari deitu zitzaion, eta guk, helikopteroa eskatu genuen. Hori da protokoloa».

Helikopteroak eskolako patioan hartu zuen lurra. Eguerdiko 11:55etan abiatu zen Donostiako Ospitalera, eta 14:30etarako ebakuntza egina zioten gaixoari. «Orain ongi dago, ZIUn (UCI) egon beharko badu ere. Ospitalean esan zioten neurriak azkar hartu izanak lagundu zuela, minutu bakoitza baita inportantea. Herrian taldetxo bat egotea inportantea da lehendabiziko arreta hori emateko. Denon artean pertsona baten bizitza salbatu ahal izan dugu». Udalak ere eskerrak eman dizkie denei. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun