Noiz eta nolatan hasi zinen bertsotan?
Data edo urte zehatz bat ematen ez dakit jakingo nukeen, baina zazpi urte inguru edukiko nituela uste dut bertso eskolara lehen aldiz joan nintzenean. Durangoko azokan 'Mainontzi' mahai-jolasa erosi nuela gogoratzen dut, eta ez dakit nola, hortik bertso eskolara egin nuen jauzi.
«Oroitzen naiz Nafarroako eskolarteko finalean, 14 urtez azpikoan kantatzen nuenean, 14-18 urtekoak miresten nituela»
Nola oroitzen dituzu lehendabiziko saioak?
Nire lehenengo “plaza” gogoan dut, ez dakit gogoratzen naizelako den edo ondoren bideoan ikusi izan dudalako. Baina Leitzako pestetan izan zen, plazako saio handian. 7 urterekin eta bertso eskolan ikasturte bat egin ondoren, pestetako saioa hasi aurretik gu atera ginen eta Manuel Lasarte zenaren bertso bat edo bi (ez naiz ongi gogoratzen) kantatu genituen, puntuka. Oroitzen ditudan hurrengo saioak Eskolarteko sariketetakoak dira, eskolatik joaten ginela Leitzako zinera eta bertan kantatzen genuela. Bi mailatan banatzen ginen: 14 urtera artekoak eta 14tik 18rakoak. Oroitzen naiz Larraintzarren egiten zela Nafarroako eskolarteko finala, eta ni 14 urtez azpikoan kantatzen egonda, nola miresten nituen 14-18 mailakoak (horietako batzuk gaur egun kantukide ditudanak).
Geroztik hamaika plazetan ibili zara… gaur egun nola sentitzen duzu zure burua?
Orain arte beti horrela izan da, eta orain ere plazetan aritzeko gogoz aurkitzen naiz. Saio mota ezberdinetan kantatzea gustatzen zait, kantukide, formatu eta leku ezberdinetan. Ez dakit denborarekin indarra galtzen joanen den edo ez, baina oraingoz ilusio handia daukat bertsolaritzan eta bere alderdi guztietan gozatzen dut, bertso eskolatik hasi eta plazetaraino.
«Bertsolaritzaren alderdi guztietan gozatzen dut, bertso eskolatik hasi eta plazetaraino»
Bertsolari izatea gauza ederra da, baina badu bere lana… lan horrek badu merezitako ordaina?
Ordaina gauza ezberdina izan daiteke pertsona bakoitzarentzat, edo gauza bat baino gehiago uztartzen dituen kontzeptua: egiten dizuten harrera, emandako tratua, leku berriak ezagutzeko aukera, jende berria, beste diziplina batzuetako kulturgileekin elkarlana (musikariak kasu), parrandarako aitzakia, txikitatik miretsi dituzun bertsolariekin kantatzeko aukera, ordainsari ekonomikoa... Bakoitzak ematen dio balioa ordain mota bakoitzari. Eta saio bakoitzeko aldatu egiten dira baldintza hauek, oso aldakorrak baitira leku bakoitzean. Guzti honetan okerrena ezjakintasuna dela esanen nuke: askotan ez dugula jakiten zer aurkituko dugun deitu diguten lekuan.
Apirilean kultur eragileek deituriko greba deialdiarekin bat egin zenuen… Zergatik?
Covid-19ak ekarri digun testuinguru honetan, erakundeek ez zutelako neurririk hartu kultur eragileen esparrurako edo hontaz bizi direnentzako, enpresentzako diru laguntzak nahiz eta lehen momentutik planteatu ziren. Nire kasuan aldarrikapenekin ados nengoen eta horregatik bat egin nuen deialdiarekin; baina elkartasun keinu bat gehiago izan zela esanen nuke. Hau da, ez da nire kasua, baina badakit kulturatik bizi den jendea dagoela eta egoera honetan beren diru-iturri bakarra zen horretatik ezin dutela diru-sarreraik lortu. Horregatik bat egin nuen, hartutako erabakiak ez zitzaizkidalako bidezkoak iruditzen eta kulturatik bizi diren sortzaileengan pentsatuz.
«Bertsolaritza oso eraginkorra izan daitekeelako euskararen biziraupenerako, hezkuntza eremutik hasita. Formula egokia aurkitu beharko litzateke honetarako eta noski ez da erreza, baina asmatuz gero potentziala duen tresna bat da»
Kultur ekitaldiek instituzioen aldetik jasotzen duten laguntza, oro har, eskas izaten dute. Bertsolarien kasuan, zertan dira laguntza horiek?
Ez dakit, niri baino hobe izango zen hori bertsozale elkarteari galdetzea. Badakit laguntzak ematen direla eta horrek posible egiten duela bertso eskolek aurrera egitea, saioak antolatzea, elkarteak bizirautea... Baina ez dakit zertan diren laguntza horiek edo zenbatekoak diren. Ziur aski behar baino gutxiago izango dira.
Zergatik babestu beharko lukete bertsolaritza?
Ondare kultural bat delako, eta Nafarroan, tresna bezala oso eraginkorra izan daitekeelako euskararen biziraupenerako, hezkuntza eremutik hasita. Formula egokia aurkitu beharko litzateke honetarako eta noski ez da erreza, baina asmatuz gero potentziala duen tresna bat da, eta euskarak hainbeste indar eta erabilera ez daukan eremuetara hizkuntza modu “jolasti” batean helarazten badugu, biziraupenerako esperantzak handitzea lortuko da. Rap, Trap, memegintza...hainbat esparrutan gazteengana euskaraz iristea lortu den dezala, bertsolaritza ongi salduz gero ere irisgarria den zerbait dela uste dut.
«Ordenagailuaren aurrean abestea ere ez da guztiz erosoa...»
Egunotan bertso saio batzuk izan ditugu gozagarri sare sozialetan… baina bertso-saioak online egin daitezke?
Etxetik etxera izeneko ekimena martxa dago, itxialdiaren hasieratik astero bertso saio bat entzuteko aukera eman diguna, eta nik ere pare bat aldiz kantatzeko aukera eduki dut. Momentuko egoerari erantzun bat emateko oso ongi dago, bertso saiorik ez baitzegoen eta honela entzuleei entzuteko eta bertsolariei abesteko aukera ematen diezu. Baina luzera begira ez dakit balio ote duen, errepikakor samarra egin daiteke, lehen aipatutako bertsolariek lanean jarraitzea suposatzen du ordain ekonomikorik gabe, ordenagailuaren aurrean abestea ere ez da guztiz erosoa... Bertsozale Elkartea eta Lanku ere hasi dira platotik zuzeneko bertso saioak eskaintzen. Agian aukera bat izan daiteke, nahiz eta hasieran bai bertsolarioi eta bai ikusleei arraroa egin, egoerara moldatu beharra daukagu eta irtenbide bat izan daiteke; haustura honen ondoren berrasmatzen jakitea dagokigu, eta lehenengotik izan ez arren, ziur nago zerbait egokia asmatuko dela.
Zure kasuan, zehazki, zein ondorio izan du itxialdiak?
Saioren bat baneukan lotuta eta bertan behera geratu da. Ikustera joateko ere ez dut aukerarik izango, eta agian okerrena bertso eskolarik egin ezin izana da. Leitzan gaude guztiok, bertso eskola etxetik 2 minutura daukagu eta ezin gara bildu. Hala ere txarrenari onena ateratzen asmatu beharra dago, eta egun hauetan idazteko eta irakurtzeko tartetxo batzuk hartzeko aukera eman dit itxialdiak.
«Ekain eta uztailean ez, baina abuztuan saio batzuk egiten hasteko aukera egongo dela pentsatzen dut, edo pentsatu nahi dut»
Herriko bestarik ez bada, bertso saiorik ere ez…
Horixe izango da nire ustez okerrena. Bertsolaritzak zerbait ederra baldin badu, horixe da: herriz-herri ibiltzea, bertso bazkariak, udako jaialdiak... Kantatzeko aukerarik ez dugu izango, ezta lagunekin saioak ikustera joateko planik egiteko ere. Esperantza faltsu bat izango da agian, baina nik oraindik badaukat barruan esperantza izpi txiki bat, zerbait egiteko aukera egongo dela. Ekain eta uztailean ez, baina abuztuan saio batzuk egiten hasteko aukera egongo dela pentsatzen dut, edo pentsatu nahi dut behintzat.