Nolakoak izan dira azken bost urte hauek?
2002an hasi zen operazio juridiko, politiko eta polizial hau eta geroztik elkartearen zuzendaritza, langileak eta espazioa bera mehatxu iraunkor baten pean bizi izan gara, baita proiektu honi bizia emateko ahalegin handia egin duten herritar guztiak. Hemezortzi urte dira Torreak soinean motxila oso astuna daramala: operazioaren ondorengo kriminalizazio eta jazarpenak eragin negatiboa izan dute, baina era berean prozesu judizial amaigabe honek langileen eskubide nahiz ongizatean eta espazioan egin beharreko inbertsioak baldintzatu ditu. Edonola ere, egia da Auzitegi Gorenak 2015ean sententzia definitiboa kaleratu zuela, eta bertan proiektuaren lokala konfiskatzea agindu zuela. Hemezortzi urte mehatxupean zailak izan badira ere, azken bostak ‘bihar etor daitezke’ esaldia ahoan izan dugula pasa ditugu. Eta oso gogorra da horrela funtzionatzea ikuspegi guztietatik!
«Azken bost urteak bihar etor daitezke esaldia ahoan izan dugula pasa ditugu. Eta oso gogorra da horrela funtzionatzea ikuspegi guztietatik»
Mehatxua egia bihurtzera doala dirudi…
Covid-19ak etxean gauzkala etorri da kolpea. Argi dago jokaera koldarra dela, izan ere gure osasunarekiko kezka eta izua azken mugetaraino eraman duen krisi hau baliatzen ari dira dekomisoa exekutatzeko. Honek Espainiako estatuaren maila morala erakusteaz gain, haren gabeziak agerian uzten ditu: 101 Herriko Taberna lapurtu behar ditu, bai, baina herri honen erantzunari beldur dela dio. Eta horrek herri honen indarra erakusten du.
Kontuak izozteak zein egoeratan utzi du elkartea?
Teknikoki kontuak izoztuta zeuden 2003tik. Guk kontu bakarra genuen, eta orain izoztuta zegoen kontu hori diruz hustu dute, beraz elkartearen ondasun likidoaren gaineko enbargoa exekutatu dute. Baina bertan lau xoxa baino ez zeuden. Edonola ere kontu korronte horretan lau xoxa egotearen prezioa ere 18 urtez ordaindu du Torreak, izan ere funtzionamendua ez dela normala izan esan dezakegu. Ordainketa guztiak guk egin behar izan ditugu eta automatikoki egin zitezkeen guztiak egitera ere norbaitek joan behar izan du banketxera edo komertzioz komertzio.
Torreako langileen soldatak, gastu finkoak... nola egin aurre?
Momentu honetan Torrean matematikariak baino ekuazio konplikatuagoak egiten ari garela uste dut. Espainiako estatuaren erasoari, Covid-19ak sortu duen muturreko prekarizazioa gehitu behar zaio. Estatuak Torrearen ondasun materialen gaineko dekomisoa exekutatzen duen bitartean kezka bat dira gastuak, bai. Leitzaldeko edo Euskal Herriko gainerako tabernariek izango dituzten kezka berberak izango direla uste dut: nola egin aurrera egoera honetan? Esan daiteke, orohar gure eskualdeko ostalaritzak oso baldintza zailetan irauten duela. Esfortzu eta sakrifizio handiarekin, errekonozimendu eskasarekin, eta lan-sari prekarioekin... Hau da gure eskualdean ostalaritzak bizi izan duen normaltasuna.
Baina herritarrak pentsatzen hasi beharko lukete tabernarik gabe herriko bizitza nolakoa litzatekeen; herriko pesta eta parrandak nolakoak izango liratekeen, non lagun artean elkarren berri izan edo planak egiteko non elkartuko liratekeen... Jornal handienak ere alferrik izango dira herritarrak biltzeko espazioak ixten badira. Herria gure kulturaren iraupenaren subjetu bezala, zaintzea dagokigu, eta horren baitan herriko ostalaritza.
Torreara etorrita, 26 urtez zabalik mantendu dugu gure altxorra, denon artean eraikitzen joan garen gotorlekua. Hau posiblea izan da neurri handi batean langileen esfortzu izugarriari esker, baina baita Torreak duen sare humano zoragarri horren ondorioz ere, eta noski determinazio politikoagatik. Torreak herriaren alde lan egiten segitzen du.
Zein izan daiteke hurrengo pausoa?
Ba lehen aipatu bezala apirilaren 16an Torrea elkartearen ondasun likidoarekin geratu zen Estatu espainola. Haien hurrengo urratsa elkartearen ondare materialarekin geratzea izango da, ematea falta zaien azken urratsa da, arrazoiak dauzkagu pentsatzeko amaieraren atarian gaudela dagoeneko.
Zer gertatuko litzateke eraikinarekin? Enkantean aterata izanen luke herriak berriro erosteko aukerarik?
Ba auskalo zer egiten duen Espainiako estatuak lokalarekin. Momentuz ikutzen duen oro usteltzen zaiola besterik ez du erakutsi. Ez dezagun ahaztu Torrea elkarteak bi solairu dituela: behekoa, taberna, denontzat ezaguna dena eta zabalik dagoena. Eta goiko solairuan txokoa, egoitza, eta Torrearen biltokia. Goiko solairua itxita daukate 2003az geroztik. Gure galdera da: nola egongo da lokal hori 18 urtez itxita egon ondoren? Ustelduta!
Izan ere hortxe dago afera honen beste ertz bat: 2003an operazio mediatikoa jarri zuten martxan. Mehatxatu, jazartu eta zapaldu gaituzte... eta 18 urte hauetan Torrearekiko kontrola eramateko idazkari judizial bat izendatuta egon da, baino inortxo ere ez da etorri ezer galdetzera. 18 urtez ziurgabetasunaren desertuan egon gara, baina zutik eta herriarekin lanean!
Kinielak egiten hasita, posiblea da enkantera ateratzea bai. Ez dakigu ordea ze epetan, izan ere baliteke hilabete gutxi batzuetan izatea, edo urte batzuen buruan. Behin enkantera aterata eta herriak berriro erosi nahiko balu, noski aukera izango lukeela baino oso adi egon beharko luke. Edonola ere, badauzkagu beste lehentasun batzuk gaur gaurkoz eta ez gaude aukera hori aztertzen, esan bezala kiniela bat delako.
Ze bide ari zarete lantzen? Legeak badu zirrikiturik?
Ez dago zirrikiturik ez eta errekurtso aukera gehiagorik ere, sententzia definitiboa denez exekutatzea besterik ez da falta. Peripezia juridiko-politiko bat bada ere, elkarte guztiz legal bati bere ondasunak kentzea, horrelaxe da, gordina. Eta egingo dute!
Kontuan izan behar dugu Francok egin zuen ondare lapurretaz geroztik emango den konfiskazio handiena dela (eliza egiten ari den inmatrikulazioena ikusteke dagoen arren).
Edonola ere guk proiektuari ematen diogu garrantzia. Torrean gauzatzen bada ere, proiektua da lokalaren esentzia. Eta hori da estatuak akabatu nahi izan duena behin eta berriz: proiektua. Herritik sortu zen proiektu bat izan delako, eta herriarentzat lan egitea izan duelako xede. Euskal Herri euskaldun eta justu baten norabidean lan egin duen espazio aske eta askatzailea. Hamaika kolorez jantzi duguna denon artean: berdea, horia, morea, gorria, urdina, laranja ezberdinez betea...
Torrea taberna bat baino gehiago da herriarentzat.
Torreak paper oso garrantzitsua jokatu du eskualdean eta Leitzan bereziki. Ez dezagun ahaztu kuneteroen nafarroan gaudela, eta hemen edozein identitate garesti ordaindu izan dugula historikoki. Baina duela 30 urte komunitate batek errealitate gordin horri aurre egiteko Torrea bat amesteari eta sortzeari ekin zion. 26 urtez hamaika koloretako borrokak eraiki ditugu pareta horien artean. Euskal kulturaren eta balore ezkertiarren gotorleku bilakatu dugu. Eta gure ustez Leitzan dagoen ehun sozial indartsu, anitz eta zabal hori ezingo litzateke ulertu Torrea gabe. Adierazle bezala Leitzaldeko eragile askok erabili izan dute Torrea azpiegitura bezala euren bileretarako, euren materialak uzteko, euren ekimenetarako behar zituzten gauzak hartzeko baina ez hori bakarrik, Torrea herriari lotuta dagoenez mugimenduen bultzatzaile ere izan da, besteak beste laguntza ekonomikoa ere emanez.
«Leitza mugimenduan dagoen herria izan dadin lan egin du Torreak»
Zein da zabaldu nahi duzuen mezua?
Badirudi Torrea bere historiaren, orain arte ezagutu dugun bezala behintzat, azken lerroak idazten ari dela. Utziko duen hutsunea handia izango da, eta ziurrenik ez gara konturatuko ze nolakoa izango den haren tamaina itxiera iritsi eta denbora bat igarotzen den arte. Nabarituko dugu, maila pertsonalean zein kolektiboan. Baina, gure ustez, altxorra proiektua da, gure esku dago proiektuari segida ematea, gaurkotu eta frexkatzea. Bizitzak eta herriak zentroan jarri behar ditugu orain arte bezala, izan ere Torrean garatu den proiektuak 26 urtez herria izan du ardatz. Eta harro gaude!
Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu urte guzti hauetan proiektua sustengatu duten herritar guztiei. Haiek gabe, zentzua galduko zukeen eta gainera ezinezkoa litzateke itsasontzi hau honaino ekartzea. Ez dugu ukatuko ordea, haserre, amorru eta inpotentzia handiarekin bizitzen ari garela une hauek, baina baita neke punttu batekin ere, ez baitira alferrik pasa 18 urte mehatxupean.
Honen guztiarenx gainetik, gure indarraz jabetuak gaude eta gure ideia, eta sinesmenetan determinatuak: herri honen alde lan egiteako gogoak egunero ateratzen gaitu kalera, gainerako herritarrekin elkar lotzen gaitu hamaika lan eta borroketan nahiz elkartasun eta auzolan sareak ehuntzen jarraitzera. Izan ere, Torrearen balioa ez dago paperetan, Torrea uki daitekeen amets bat da eta ez dute atxilo eramango ziega ilun batera. Torrea gurea baita! Herriarena! Eta defendatuko dugu! Laranjaz jantzi eta beste behin injustizien aurrean errebelatu eta erantzuteko unea iritsi zaigu. Herri honek badu eskarmentua horretan, erakutsi dezagun!