COVID-19: Elkarrizketak

«Baserritarren sektorea indartzeko saiatzea eta hobetzen jarraitzea da gure egitekoa»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 4a, 09:30

Mikel Zabaleta Leitzako alkatea.

Larunbat honetan, martxoaren 9an, ezohiko itxura hartuko du Leitzako plazak. Herriko eta Aresoko baserritarrak bilduko dira bertan, Baserritik etxera dinamikari segida emateko. Dinamika horri bultzada emateko lanean aritu da hasieratik Leitzako Udala. Mikel Zabaleta alkateak azaldu duenez argi dute «elikadura burujabetzaren eta bertako baserritarren baldintzen alde egiten duten ekimenak beti babestuko» dituztela.

Araudia osatu, hitzarmena sinatu, ekoizleen artean antolaketa lanak egin… larunbateko azokaren aurretik eman behar izan dituzten pausoak dira, «orain artean bezala elkarlanean egin ditugunak». Mikel Zabaletaren hitzak dira eta nabari zaio baserritarrek, eragileek eta herritarrek azken hilabeteetan emandako erantzunarekin harro dagoela. Udalaren aldetik argi dute hori dela bidea: «bizi dugun egoera larri honek eredu jasangarriak eta osasuntsuak garatzea ezinbestekoa dela erakutsi digu».

Zer topatuko du larunbat goizean Leitzako plazara joaten denak?
Legedia esplotazio handientzat eta ekoizpen eredu jakin batentzat prestatua dago. Oso zaila du horretatik bizi nahi duen eredu tradizionaleko baserritarrak edota ekoizle txikiak. Hasieratik inbertsio handiak eta baldintza estuak betetzera derrigortzen dituzte, eta horixe da gaur egun dugun erronkarik handienetarikoa. Larunbatetako baserritarren azoka egoera horri elkarlanean emandako erantzun bat da. Bertan produktu freskoak aurkituko ditu erosleak, erregistro sanitarioa duten elikagaiak. Horietaz gain, erosleak zuzenean baserritarrekin harremanetan jarri eta LeitzEKO Kontsumo Taldeak hilabetero zabalduko duen katalogoan dauden beste hainbat produktu ere enkarguz erosi ahalko dizkio, eta larunbatetako azokan enkarguak jaso ahalko ditu, hala nahi badu.

Larunbateko azoka hori erreferentziazko bihurtzea da helburua?
Denborak esanen du hori, baina pertsonalki uste dut kontsumitzaileok gero eta gero bilatzen dugula bertako produktua, sasoikoa eta naturala. Hori horrela bada, denborarekin baserritarren azoka honek indartzen joan beharko luke eta, agian, eskualdeko beste ekoizleentzat ere aukera bat izan liteke.

Udalaren egitekoa zein izanen da?
Udalak hitzarmena sinatuko du LeitzEKO Kontsumo Taldearekin, baserritarren azoka egin ahal izateko espazio publikoaren zesioa egiteko. Horretaz gain, Bertatik Bertara mahaiko partaide garen heinean, elikadura burujabetzan eta bertako baserritarren baldintzen alde egiten duten ekimenak beti babestuko ditugu, difusio lanak eginez, aukera berriak aztertuz, babes juridikoa duten formulak aztertuz, etab.

«Elikadura burujabetzan aurrera egitea, mesedegarria baino, behar bat ere badela erakutsi digu krisi sanitario honek»

Alarma egoera honek bide berriak irekitzeko aukera eman du...
Alarma egoerak ez dizkigu gauza txarrak bakarrik ekarri. Gaur egungo sistemak dituen hutsune asko bistan jarri eta elementu asko eztabaidaren erdigunean jarri ditu: osasun sistema publiko indartsu eta duin baten beharra, auzolanaren eta elkartasunaren mesedeak, komunitatearen indartzea, bertako elikagaiak kontsumitzearen beharra…

Elikadura burujabetzan aurrera egitea, mesedegarri baino, behar bat ere badela erakutsi digu krisi sanitario honek. Bizi dugun egoera larri honek eredu jasangarriak eta osasuntsuak garatzea ezinbestekoa dela erakutsi digu.

Herritarrak ere bertakoari balioa ematen hasi direla dirudi? Orain neurtuko da akaso hala ote den...
Hori da. Lehen esan bezala, denborak esanen du hala den edo ez. Halere, badakigu hondoratuta dagoen baserritarren sektorea indartzeko bide luzea egin beharko dugula eta batzuetan ez dugula ekimen batzuekin edo besteekin asmatuko. Saiatzea eta hobetzen jarraitzea da gure egitekoa. Beti aurrerapausuak ematen saiatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun