COVID-19: Elkarrizketak

«Udaberri honetan 310 kilokoa altxatzeko entrenamenduetan serio segitzen dut»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 28a, 13:00

Inaxio Perurena, duela lau urte 308 kiloko harria altxatu zuenean Amazabal pilotalekuan.

Duela lau urte lortu zuen Inaxio Perurena harrijasotzaile leitzarrak bere azken marka handia, 308 kiloko harria bizkarreratu zuenean Leitzako Amazabal pilotalekuan. Udaberri honetan 310 kilokoa leku berean altxatzeko prestaketan ari da buru-belarri, baina gaur egungo egoera dela eta, ezin jakin saiakera egiterik izanen duen…

Udaberri honetan 310 kiloko harriarekin saiatzekoa zinen, baina ezin jakin posible izanen den edo ez…

Oraindik ez dugu bazterrera utzi, hilabete askotako lana da, urtetakoa. Orain, koronabirusaren gai hau atera da, baina hor segitzen dugu. Ezin dugu harria baztertu kolpetik, ez baitakigu berriz ere orain daukagun maila hartzerik izanen dugun. Hamabostero albiste berriak ematen dituzte eta horregatik entrenatzen segitzen dugu. Nik ez dut ez kirol-medikurik, ez prestatzailerik, nere kabuz aritzen naiz entrenamenduetan garajean harriekin, suerte hori badut. Normalean larunbatetan aritzen naiz harri handiarekin eta hor pasatzen dut beldurrik handiena, bakar-bakarrik 300 kilo baino gehiagoko harriarekin laguntzailerik gabe jardutea. Maiatz bukaera arte segituko dut entrenatzen eta gero ikusiko dugu.

 

Data zehaztua zenuen marka-saiakerarako?

Ez, ez… normalean nere martxa izaten da entrenamenduak egitea eta hor ikusi pisu hori ongi altxatzeko gai naizen, ez behin eta ez bitan… bi edo hiru aste erregular izan behar dituzu. Orain, pesekin 308 kilo altxatu nitueneko kargekin ari naiz, indarrez ongi nago, orain mantenimendu bat egin behar dut, lau edo bost entrenamendu egin harri handiekin, Prest nagoela ikusten dudanean, hamabost bat egun lehenago eskatu behar dut antidoping proba saiakera homologatzeko eta aurrera. Asmo horrekin nabil. 310 kilo aitak eta Migeltxo Saralegik bakarrik altxatu zuten bere garaian, baina hori egiteko jaialdi potenteak antolatzen zituzten, ETBrekin kontratuak zituzten hori emititzeagatik eta gaur egun ez daukat horrelakorik. Anti-doping proba pasatzea bakarrik mila euro inguruko gastua da.

 

Anti-doping proba pasatzea bakarrik mila euro inguruko gastua da

 

Beraz, marka saiakera antolatzeko dirua ere behar da…

305 eta 308 kiloko harriekin ere ez nuen jaialdi handirik antolatu. Prest nengoela ikusita, aste pare batera neronek frontoia hartu eta sarrera kobratu beharrean borondatea eskatu nuen. Jaialdi handi bat antolatzeko gainkarga hori kentzen diozu zure buruari. Orain ere horrela egiteko asmoa nuen. Ez da dirutza handirik lortzen, baina bai anti-doping proba ordaintzeko adina.

 

Bertze kiroletan ate itxiekin lehiatzeko aukera aztertzen ari dira. Zuk horrelako zerbait pentsatua duzu?

Ez. Nere asmoa maiatza bukaera arte entrenamenduekin segitzea da lanean. Gero, ekainean, eguraldia hobetzen denean eta beharbada, birus honen datuak hobetzen direnean igual utziko dute zer edo zer egiten. Esperantza hori daukat. Saiakera ofizial bat etxean egin behar badut, ikuslerik gabe, harri hori altxatzeak dirua kostatu behar zait. Gainera, igual lehen saiakera ez zait ongi aterako eta hiru astera edo hilabetera beste saiakera bat egin behar… Ez dut horrelako pentsamendurik. Egitekotan, berriz ere Leitzako frontoian eginen dut, jendaurrean.

 

2016an lortu zenuen azken marka, Leitzan 308 kilokoa altxatuta. Lau urte beranduago bi kilo gehiago… Bakarren batek esan dezake ez dela haundia, baina igotzen den kilo bakoitzean lan handia egin beharra dago, ez?

Batek baino gehiagok komentatu dit… Badirudi lau urteotan harri-jasotzea utzi egin dudala, baina urtero saiatzen naiz. Honek daukan txarrena da kilo askorekin entrenatu behar duzula, karrozeriari kriston paliza ematen zaio. 2017an plazarako prest nengoenean, entrenamendu batean, krak!, gerria behartu nuen eta utzi behar izan nuen; 2018an tendon rotulianoan tendinitia izan nuen, urte eta gehiagoz gerra handia eman nauena: harria gerrira ekarri eta kolpekak emateko puntu horretan, labana sartuko banindute bezalakoa zen. Baina, aldi berean, ezin dituzu erakustaldiak utzi, horretatik bizi garelako. Arrastaka-arrastaka, batzutan oso gaizki, baina erakustaldietan moldatu nintzen eta hori dena moldatu dudanean, fisioarekin eta, egurrean hasi nintzen. Baina Valentziako udako erakustaldi batean, 270 kiloko harriarekin, ezkerreko bizepsa behartu nuen eta berdin, deskantsurik ezin eman erakustaldietan, eta minarekin arrastaka. Kaleko jendeak uste du entrenamenduetan hobetu, hobetu eta hobetu egiten dela, gero eta pisu gehiago, baina ez da horrela izaten normalean. Piko bat egiten duzu, gorputza gora, gero berriz behera, ez egonkorra izaten da… Piko horietako batean zaudenean egin beharra daukazu saiakera eta suertea behar duzu.

 

Honek daukan txarrena da kilo askorekin entrenatu behar duzula, karrozeriari kriston paliza ematen zaio

 

Entrenamenduetarako eta zure txokoan ez duzu arazorik izanen… edo egin behar izan duzu aldaketaren bat prestakuntzan?

Egoera oso arraroa eta berezia da, baina entrenatzeko ez dit eragin. Goizez aziendekin aritzen naiz lanean, baserrira joan, Donostira joan-etorriren bat, umeak gaizki etxean ikusten dituzu, beldurra ematen du, baina… Batzuk esaten didate, ‘Utz ezazu harria, motel!’, baina behin utzita, beharbada sekula ez naiz oraingo mailara bueltatuko. Azken urteotako formula izan da: uda garaian erakustaldi dexente egiten baditut, neguko prestaketa horretarako gastuak asumitzen ahal dira. Nere alukeria datorren urtean izanen da, uda honetan ez bada erakustaldirik. Asuntoa beltza jarria dago.

 

Masaje-emaile izateko ere prestatzen ari omen zara…

Nire kirol ibilbidea bukatzen denerako prestakuntza eta formakuntza behar nuela garbi nuen. 2012an kamilla bat erosi nuen eta urtetan prestatzen joateko asmoa nuen, kirol-masajista bezala hasteko. Beti pentsatzen nuen lesio larri bat izanez gero harria utzi beharko nuela, baina inork ez zuen pentsatzen birus batek horrelako oker bat ekar zezakeenik. Bete-betean harrapatu nau, kirolari batzurekin hasi nintzen masajeak ematen, urtebete egin nuen ikastaro presentzial batean Donostiara joanez. Nere bizi guzian masajeak hartu ditut eta abantaila hori banuen, alde handia da. Bizi osoan kirol eginez, nahi gabe ere hezurrak eta giharrak kontrolatzen dituzu, hori laguntza handia da. Jende batzuri masajea eman diet eta gustura gelditu dira, pausua eman nuen, lokala hartu nuen Leitzan, kontratua sinatu eta handik bi astera konfinamendua.

 

Harri-jasotzen, noiz arteko soka ikusten diozu zure buruari?

Ez dago jakiterik. Arazorik handiena lesioak dira. Harri handiekin aritzen zarenean, urtero-urtero izaten duzu halakoren bat, zaintiraturen bat edo nahiko azkar buelta ematen zaiona. Baina lesio serio bat izanen banu, garbi dago momento horretan utzi beharko nuela. Nere aitak bere azken altxaldi potenteak 37 urterekin egin zituen, 320 kilokoa altxatu zuen, masaje gutxi hartuta, lesio pila batekin… 40 urtera arte maila ona eman daiteke, adin horretatik gora erakustaldietan ere maila oso onean dabilen jendea bada, Ostolaza hor ari da 46-47 urterekin. Baina suertea behar da lesioekin. Ikusita aurtengo uda nola joan behar duen, buruari buelta asko ematen dizkiot. Neretzako txikitatik, harri-jasotzearen gauzarik ederrena harri handiekin aritzea da, prestatu, berotu, arropak txukun jarri eta bizkarrera pakete handi bat eramateko denak perfekto atera behar du eta atzetik daukan lan guzia: hainbeste gauza ongi egin behar dira hain denbora gutxian. Nere helburua horretan segitzea da, baina gorputzak lagundu egin behar du.

 

Neretzako txikitatik harri-jasotzearen gauzarik ederrena harri handiekin aritzea da eta atzetik daukan lan guzia: hainbeste gauza ongi egin behar dira hain denbora gutxian

 

Pixkanaka eskua zabaltzen ari direla badirudi ere, zer aipatuko zenioke etxealdian dagoenari…

Serio hartzeko, kalean nabilenean egokiak ez diren gauzak ere ikusi ditut tarteka. Gero etorriko dira besarkadak emateko edo sagardotegira joateko garaiak, baina orain serio hartu eta animo! Martxoaren 14an esan baligute bi hilabetez etxean egon beharko genuela… Luzera ez pentsatzea hobea da. Hurrengo egunean pentsatu eta segi eta segi!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun