Leitzako Karrape irratia Internetez entzuteko aukera dago

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 24a, 13:00

Karrape Irratiak 27 urte daramatza goizak informazio, elkarrizketa eta herritarren arteko elkartrukez betetzen.

Astelehenetik ostiralera 10:30etik 14:00etara zuzeneko irratsaioa eta podcastak eskainiko dituzte

Leitzan Karrape Irratiak 27 urte daramatza goizak informazio, elkarrizketa eta herritarren arteko elkartrukez betetzen; musika eta umorea ere ez da inoiz falta izan. Aurrerantzean, 107.8 frekuentzian aurkitzeaz gain, sarean ere entzuteko aukera izanen da, irratia sintonizatzeko zailtasun eta interferentzia guztien gainetik, eta munduko edozein txokotatik entzuteko moduan.

Astelehenetik ostiralera 10:30etik 14:00etara zuzeneko irratsaioak leitza.eus web orrialdean bertan entzuteko aukera eskainiko dute. Karrape Irratia emititzen ari den tarte horretan, botoi bakarra sakatu eta nonahitik entzun ahal izanen dugu, irratia sintonizatzerakoan bezalaxe.

Podcastak

Goizeko ordutegi horretan irratia jartzerik ez dutenei begira, hiru ordu eta erdiko azken hamar irratsaioak podcast edo grabazio gisa edozein momentutan entzuteko modua egonen da. Aukera hau ere leitza.eus web orrian bertan eskainiko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun