Leitzako Torrea Herriko Tabernak kontu korronteak enbargatu dizkiotela salatu du

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 23a, 10:00
Hainbat herritar eta eragilek babesa erakutsi zioten Torrea tabernari 2015eko ekainean.

Herriko tabernen auziko epaia gauzatzen hasi da Auzitegi Nazionala. Hainbat kontu korronte enbargatu ditu dagoeneko, tartean Leitzako Torrea Herriko Tabernarena. Egoeraren berri emateko oharra kaleratu dute Torreako kideek eta oharatarazi dute «Espainiako Estatuak ondasun materialen jabetza hartu aurretik ematea erabaki duen urratsa» dela.

Duela hemezortzi urte hasi zuen auzia Baltasar Garzon epaileak. 2014an kaleratu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak 35/02 auziko sententzia eta 103 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen «ETAren egitura finantzatzea egotzita». 2015ean, Gorenak berretsi egin zuen epaia eta 101 herriko taberna bahitzeko agindua eman zuen.

Azken egunetan hasi da Espainiako Auzitegi Nazionala herriko tabernen auziko sententzia gauzatzen, haien kontu korronteak bahitzeko agindua emanda. Leitzako Torrea Herriko Tabernak ohar bidez egin du salaketa: «2003tik interbenituta egon diren nahiz elkarteak gerora sortutako kontu korronteak enbargatu» dizkiotela adierazi du: «apirilaren 16an enbargatu zuten Torrearen laboral kutxako kontu korrontea, guk gaur jakin dugun arren».

Epaia orain gauzatzen hastea ez dela kasualitatea azpimarratu dute: «Euskal herritar oro militarki konfinaturik daukan bitartean». Gaineratu dute alarma egoera baliatu izanak agerian uzten duela «Espainiako Estatuaren ahultasuna eta izua. Beldur dio Euskal Herriaren erantzuteko gaitasun eta borroka grinari». Herritarrei adi egoteko deia ere egin diete: «horma laranja batek dioen moduan injustizien aurrean erantzuteko eskubidea ardura bilakatzen baita».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun