COVID-19: Elkarrizketak

«Herritar guztiek egiteko moduko ekintzak antolatzen saiatzen gara»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 21a, 18:01

Maia Saralegi Lizarraga

Alarma egoera luzatuko zela ikusi zutenean, Atekab…etxen dinamika martxan jartzea erabaki zuten Atekabeltzeko gazteek: «herritarrak animatzeko helburuarekin eta gure jarduera osotara ez gelditzeko hainbat ekimen antolatzen hasi ginen».

Atekabeltzeko kidea den Maia Saralegi Lizarragak azaldu digunez ahalik eta herritar gehienengana iristea dute helburu eta horregatik, «antolatzen ditugun ekimen guztiak edonork egiteko modukoak izan daitezen saiatzen gara». Eginahalak izan du ordaina eta «oraingoz antolatutako guztiak harrera ona eduki du herrian». Leitzako sortzaileen txokoak izan duen arrakasta azpimarratu nahi izan du: erakusketa birtuala izan da eta jende askok parte hartu du; oraindik herritarren lanak jasotzen jarraitzen dugu».

Antolatzeko, bideo-deiak egiten dituzte, «normalean ostiraletan». Irudimena dute lanabes eta besteek antolatzen dutenari zeharka begira ere ibiltzen direla aitortu du: «beste gaztetxe edo elkarte batzuk antolatutako ekimenetatik ere ideiak hartzen ditugu». Astero programazio berria osatu dute, «garrasi txapelketa, Argoitz DJa, argazki herrikoia, inauteriak balkoietan… Horretaz gain, ostiralero pintxo potea antolatzen dugu eta asanbladako kide batzuen artean egiten dugun Satelite irratian lehiaketa bat gehitu dugu jendeak parte har dezan». Horrekin nahiko ez eta «bi egunean behin erronkak luzatzen ditugu gure sare sozialetan».

Aurrerantzean ere, asteroko ekimenak antolatzen segitzeko asmoa dute, «urtero maiatza inguruan antolatu ohi dugun film laburren txapelketa egitea ezinezkoa izanen denez, maiatzaren 8an bikoizketa txapelketa antolatu dugu». Eta izanen dira ekintza gehiago, «oraindik ez dugu guztia zehaztu, baina seguruenik berrogeialdia amaitu bitartean ekintzak antolatzen jarraituko dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun