Aste honetarako ere proposamen ugari izanen dituzte leitzarrek Atekab...etxen eskutik

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 15a, 17:00

Apirilaren 14an atera zuten argazki herrikoiarekin hasi zituzten aste honetako ekintzak.

Itxialdia girotu eta herritarrei ongi pasatzeko aukera emateko, pasa den astean bezalaxe, hainbat ekintza antolatu dituzte Atekabeltzekoek. Atekab..etxen izenburupean mozorrotu, pintxo potean gozatu, irratsaio berezia entzun eta artista sena ateratzeko aukera eskainiko dute.

Atzo, apirilaren 14an, atera zuten argazki herrikoiarekin hasi zituzten aste honetako ekitaldiak. Gaur, apirilaren 15ean, inauterietako giroa irudikatu nahi dute. 19:30ean ileorde, kapela, atsaureak... jantzita balkoi edo leihora atera eta Arbola doinua abesteko hitzordua egin dute.

Apirilaren 17an, goizean, Satelite irratia entzuteko aukera izanen da. Sare sozialen edo youtuberen bitartez edota Karrape Irratiaren emisoran, irratsaio berezia entzuteko aukera izanen da eta lehiaketa ere egitekoa dute. Arratsaldean, berriz, pintxo potea izanen da. Pintxo paregabe bat prestatu eta argazki sare sozialetara edo atekabeltz@gmail.com helbidera bidaltzea eskatu dute.

Apirilaren 18an, bezperara arte jasoko dituzten herriko artisten lanekin osatutako erakusketa birtuala ikusteko aukera izanen da.

Bi egunetik behin erronkak
Bi egunetik behin, instagram eta facebooken erronkak luzatuko dituzte Atekabeltzeko kideek. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun