Alarma egoeraren ondorioz zuzeneko salmentarako ate asko itxi dizkiete bertako baserritar eta ekoizleei. Leitzaldean elkarlanean aritu dira irtenbide bila eta Baserritik etxera ekimena izan da emaitza.
Nola eragin dizue ekoizleei egungo egoerak?
Hainbat baserritarri irekita gelditu zaizkigun salmentarako bide bakarrak denda txikiak, kontsumo taldeak edota etxez etxeko zerbitzua dira. Bestelako kalteak ere eragin ditu egoerak axuriaren sektoreak esaterako lurra jo du, %85 jetsi da kontsumoa, jatetxeak ixtearen ondorioz.
Elkarlanean aritu zarete irtenbide bila…
Sarea lehendik ehundua genuen. Badira lau urte elkarlanean ari garela LeitzEKO kontsumo taldea, leitzaldeko baserritar talde bat, Leitzako udala eta herriko hainbat eragile Bertatik bertara dinamikaren barrenean. Honi gehituko genioke orain Laguntza Sarearen lankidetza.
Nola funtzionatuko du?
Kontsumo taldeak osatu duen katalogo batean bildu dute baserritarren eskaintza eta sare sozialen eta whatsapp bidez zabaltzen da. Herritarrek 617 38 59 33 telefonora deituta egin behar dituzte eskaerak, astelehenetik asteazkenera. Ostiral goizean baserritar bakoitzak jaso dituen eskaeren produktuak frontoira hurbildu behar ditu. Frontoian segurtasun neurriak errespetatuz eskaerak antolatzen dira eta gero laguntza sareko kideek etxez etxe banatzen dituzte.
Erosleak egoera hau amaitzean eginen dio egindako eskaera guztien ordainketa LeitzEKO kontsumo taldeari. Eta baserritarrei ordainduko zaie saldutako elikagaien truke. Horretarako LeitzEKOk eta Leitzako Udalak hitzarmen bat egin dute erosleen dirua aurreratzea hitzartuz.
Zenbat ekoizleren produktuak eskuratzeko aukera izanen da?
Hasiera eman diogu hamairu ekoizleren produktuekin. Denak sasoikoak: barazkiak, banabarrak, axuria, txekorkia, ardi esnea, gazta, tripotxak, eztia, sagardoa, e.a.
«40ren bat eskaera izan dira aurreneko eskaeran»
Nolako harrera izan du?
Oso ona. Lehenbizikoan 40 ren bat eskaera izan dira eta orokorrean bai baserritarrei baita herritarrei ere ekimena asko gustatu zaie Gainera, eskaerak egin dituen jende gehiena 45 urtetik beherakoa da eta hori oso pozgarria eta itxaropentsua da guretzat.
Bertako baserritarren produktuak ikusarazteko bidea izan daiteke…
Ekimen hau herri osoari zabaltzeak balio dezake orain arteko lanari bultzada bat emateko, herritarrei gogorazteko guk hor jarraitzen dugula lanean elikagai sanoak egiten eta herritarren zerbitzura jartzen. Lankidetza hau ezinbestekoa dugu gertuko elikadura sistema eraikitzeko. Gure baserri txikien etorkizuna modu honetako sinergia eta sareei lotua baitago erabat eta aldi berean herritarren elikadura osasuntsurako eskubidea bermatzeko bide seguruena ere badela uste dugu. Horrelako ekimenei esker guztion artean elikadura burujatzetza eraikitze prozesuan beste urrats praktiko bat gauzatzen ari gara.
Gerora mantendu daiteke?
Egoera berezi hau bukatzean balorazio bat egin beharko dugu eta horren arabera hurrengo urratsetan pentsatu. Bertatik Bertara dinamikaren barrenean pentsatzen ari ginen ostiraletako ferian bertako ekoizleen txokoa egokitzea. Ikusita gazteek zaila dutela ostiraletan plazara hurbiltzea eta bertako produktuarekiko interesa baduela, irtenbideren bat aurkitu beharra dugu. Ea asmatzen dugun formularekin.