Munduko txirrindulari laguntzaile onena aukeratu dute Mikel Nieve leitzarra

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 6a, 09:15
Mikel Nieve, Giroko bere azken garaipena ospatzen.

‘Cycling News’ aldizkariko irakurleen bozketaren arabera

Txirrindularitzan espezialdua dagoen ‘Cycling News’ aldizkariko irakurleek Mikel Nieve leitzarra (Michelton Acott) aukeratu dute Munduko laguntzaile onena, Danimarkako Michael Morkoven (Deceuninck-QuickStep) aitzinetik. Azken aukeraketan, leitzarrak bozken %55,8 jaso zuen.

Leitzako txirrindulariak jaso duen errekonozimendurako beste hautagaiak Tony Martin (Jumbo-Visma), Daniel Oss (Bora-Hansgrohe), Tim Declerq (Deceuninck-QuickStep), Andrey Amador (Ineos), Adam Hansen (Lotto Soudal) eta Stefan Kung (Groupama-FDJ) ziren.

Cycling News aldizkariak dioenez, «prensa-goiburuetan gutxitan agertzen den arren, Michelton-Scott taldean oso baloratua da Nieve. Mendiko etapetako unerik erabakigarrietan beti egongo da Adam edo Simon Yatesen ondoan, kontrolatzeko prest, edozein erasori aurre egiteko erne edo, besterik gabe, ur-bidoia eramateko edo aholku bat emateko».

 

Ibilbide luzea

Mikel Nievek 2008an egin zuen debuta profesionaletan Orbea taldearekin. Urtebete beranduago Euskaltel-Euskadira joan zen eta UCIProTourrean hasi zen. 2010ean bere lehen itzuli handian parte hartu zuen, Espainiako Vueltan eta bere garaipena ere lortu zuen, Asturiasko Cotobellon bukatu zen hamaseigarren etapan. Sailkapen orokorrean hamabigarren izan zen. 2011n Italiako Giroan debuta egin zuen eta hor ere garaipena lortu zuen Gardeccia/Val di Fassan bukatu zen hamabosgarren etapan. Hamaikagarren izan zen sailkapen orokorrean. Urte hartako Espainiako Vueltan hamar onenen artean sartu zen. 2013an parte hartu zuen bere lehen Frantziako Tourrean eta hamabigarren izan zen sailkapen orokorrean.

Tour hura bukatu onotik, Sky taldearekin fitxatu eta luxuzko laguntzaile bihurtu zen, batez ere mendirako. 2016an Italiako Giroko beste etapa bat eta mendiko sailkapena irabazi zituen. 2018an, Sky utzi eta Michelton-Scott taldean hasi zen eta Giroko beste etapa bat irabazi zuen.

Denera, Mikel Nievek 18 itzuli handitan parte hartu du (bost Tour, sei Giro eta zazpi Vuelta) eta lau garaipen eskuratu ditu, hiru Giroan eta bat Vueltan. Sailkapen orokorrei dagokienez, Espainiako Vueltako zortzigarren postua izan da onena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun