Talde berekoak diren Baiko eta Innpala pilota enpresek martxoaren 31n jakinarazi zuten, koronabirusak sortutako salbuespen egoerak behartuta, aldi baterako euren jarduera geldituko dutela eta erabakiak bi enpresetako langile guztiei –pilotari (24 eskuzkoak eta 9 palan), teknikari eta administrariei– eragingo diela. Horietako bat da Aimar Olaizola goizuetarra. Koronabirusaren krisiak eta frontoien itxierak binakako txapelketan murgilduta zegoenean harrapatu du, une gozoan gainera: finalerdietarako sailkatua ez ezik, finalerdietako lehen partida irabazi ondotik.
Nola bizi duzu etxealdi egoera hau: etxean kirol egiten segitzeko aukera baduzu? Eguneroko ariketa-errutina bat edo baduzu?
Hasieran, normala den bezala eta denei gertatu zaigun bezala, arraro egin zait, ez gaudelako horrela ohituta, baina egun batzuk pasatu ondotik mentalizatuta. Zer egoera bizi dugun kontuan hartuz, arazorik gabe, etxean ahal dudan guztia egiten dut, bizikleta, gimnasia eta pilota ere, garajean edo kanpoko paretan.
Kirol arloan, pertsonalki, beharbada gelditzeko unerik txarrenean ailegatu zaizu egoera hau: binakakoan finalerdietan sartua, lehen partida irabazia…
Alde horretatik pena pixko bat bai. Nere ustez oraintxe nengoen momenturik onenean txapelketan eta Urruti ere bai. Baina, bueno, horrelako gauza bat gertatzen denean denentzat berdina da eta gero berriz hasten garenean, espero dut berriz ere puntu onean hastea…
Hau bukatzen denean, berriz ere binakakoarekin segitzeko asmoa dute edo bertan behera geldituko da txapelketa? Zerbait aipatu dizuete honen inguruan?
Nik uste pena izango litzatekeela binakako txapelketarekin ez segitzea, hiru partida bakarrik falta direnean. Normalean lehenbizi txapelketa hau bukatu beharko litzateke eta gero ikusiko da, buruz burukoa, udako txapelketak…
Lan arloan, enpresak ERTE bat egin dizue langile guziei… Nola hartu duzue hori?
Pilotaren munduan lehenbiziko aldia da horrelako zerbait gertatzen dela, baina ikusita mundu guztian zer egoera dadoen, nik uste nahiko normala dela. Enpresa askotan egin behar izan dute gauza berdina, beraien diru-sarrerarik ez badute normala da eta pilotarien partetik inongo arazorik gabe onartu dugu
Etxeko martxan, nola moldatzen zara, familia, semeen eskolako lanak, etabar…
Orain tokatzen ari zait sekula egin ezin izan dudan gauza, denbora gehiago umeekin pasatzea, baina oso gustura. Hori da egoera ilun honen alde onena. Eskolako gauzak normalean emaztearekin egiten dituzte, ni futbolean, pilotan eta jolasean aritzen naiz beraiekin.
Zer aholku ematen diozu etxean egon behar duen jendeari…
Lasai hartzeko, oraindik nere ustez luzerako doa hau, eta gainera, esaten dutenez, etxean egotea oso inportantea da, bestela sekula ez baita bukatuko arazo hau eta jende gehiago kutsatuko da. Nahiz eta etxean egon eta batzutan eguna oso luze egin, pentsatu behar dugu gure onagatik dela eta badela jende asko horrela egon behar dutenak etxean eta gainera gaixorik, edo ospitalean. Beraz, animo denei!