«Osasun krisi bat baino askoz gehiago»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 1a, 13:00

«Kaleak ia hutsik dauden honetan osasun krisi bat baino askoz gehiago» dela iritzita eta «eskualdean elementu garrantzitsu batzuk aipatzen ez direla» ikusita, hausnarketa bat egin du Mikel Sagastibeltza Lasarte Leitzako gazteak. Mezu argia luzatu du: «Ez geratu geldirik. Ez dezagun utzi krisiaren erantzuleek aberastasuna pilatu dezaten, ondorioak langile klaseak pairatzen dituen bitartean».

Honela dio Mikel Sagastibeltza Lasarteren idatziak:

Argudio bila zentzu komunera jotzen dugun aldiro, ideologia burgesari uzten diogu gugatik pentsa dezan.

Kaleak ia hutsik dauden honetan osasun krisi bat baino askoz gehiago denaren iruzkin labur bat egiten saiatuko naiz, eskualdean elementu garrantzitsu batzuk aipatzen ez direla iruditzen zait eta. Gehiago sakondu nahi duenarentzat amaieran gehituko ditut esteka interesgarri batzuk.

Mundu osora hedatu den birusak, jada aurreikusia zegoen krisi orokor bat azkartu eta gordindu du, Ongizate Estatua kolokan jarriz. Hala, potentzia ekonomiko nagusiak (Txina, AEB…) merkatu internazionalean norgehiagokan dabiltza eta Europa gainbeheran dago, Euskal Herriari zuzenean eraginez. Burgesiaren ofentsibaren aurrean, sozialdemokraziak langile klasearen interesak defendatzeko duen ezintasuna agerian geratu da.

Burgesiaren ofentsibaren baitan zentzua hartzen dute azkenaldiko gertakariek, ‘alarma estatua’ izenpetuz salbuespen estatu arriskutsu bat ezarri baitute.

«Itxi diren lantokiak beste erremediorik izan ez dutelako itxi dituzte».

- Azken bi asteetan Espainiar Estatuan dena itxi dute lantegiak martxan mantenduz (osasun neurriak bete gabe). Itxi diren lantokiak, beste erremediorik izan ez dutelako:

  1. Langileen autoantolakuntzagatik
  2. Merkantziaren zirkulazioa etenda etekinik ezin ekoiztearen ondorioz
  3. Dekretuz (saltoki txiki zein tabernak, adibidez). Orain, berandu eta beste erremediorik ez dutenez, ‘beharrezkoak ez diren sektoreak’ itxi dituzte. Hori bai, konfinamendua amaitutakoan langileak lanorduak bueltatzera behartuz!

Bitartean, kaleratzeak, derrigortutako oporrak, ERTEak, lan-erreformak, autonomo, enpresa txiki, nekazari eta abeltzain txikiak ziurgabetasun egoera izugarrian, beltzean lan egiten dutenak…

«Erraz esaten da aste batzuk etxean egotea ongi etorriko dela barne hausnarketarako eta bizitza erritmoa jaisteko».

Erraz esaten da aste batzuk etxean egotea ongi etorriko dela barne hausnarketarako eta bizitza erritmoa jaisteko. Esan hori gizonezkoak jotzen duen emakumeari, gela batean bizi den familiari, paperik ez duen etorkinari, zahar etxean bakardadeak jota dagoen adinekoari, kartzelan medikurik gabe daudenei, hilabete amaierara ezin iritsita antsietateak jota dagoenari, etxera janik eraman ezinik senideak gosez ikusten dituenari.

- Espainiar Gobernuak hartutako neurri ekonomikoek, era berean, miseria atzeratzeko balio dute. 200.000 milioi euro laguntzetarako bideratuko dituztela esanda, bankuen esku dagoen mailegu-sistema bat ezkutatu dute. Ez dira soldata murrizketak edo etxegabetzeak debekatu, ezta hipoteka eta alokairuak geratu ere. Atzeratu egin dira, haserre soziala baretzen duten ogi apurrekin gerorako gosea utziz.

- Konfinamenduaren aitzakipean kontrol sozial ikaragarria normalizatu dute, indar armatuen izate oldarkor eta abusiboa agerian geratuz. Polizia eta ejerzituarekin kaleak hartuz, eskrupulurik gabe mugikorrak kontrolatuz edota dronen erabilerarekin behar bezainbeste indar erabiltzeko prest daudela argi utzi dute. Honekin batera, langileon antolakuntza debekatu dute, oinarrizko biltze eskubidea ere ukatuz. Mezua argia da: «Estatuaren baimenik gabe ezin da ezer egin, Estatuak salbatuko zaituzte!». Gainera, mundu mailan langile mugimendua indartzen zebilen testuinguruan, ez dut uste konspiratzea denik datorrenari aurre hartzen saiatzen ari direla pentsatzea.

Kapitalismoan ez du tokirik etikak, etekin ekonomikoa handitzeko ekoizten da eta ez behar sozialak asetzeko. Sistema honen biziraupena bermatzeko dago Estatua, laguntza sozial, osasun zein hezkuntza sistema, epaitegi, polizia, komunikabide eta abarren bidez. Langile klaseari, sistema zalantzan jarri ez dezan bezainbeste ematen dio. Ondorioz, Estatuaren kudeaketa justu bat egin daitekeela defendatzea kapitalismo justu bat existitu daitekeela esatea da.

«Beharrezkoa da langileon baldintzak okertu ez daitezen eta okerren dauden langileen egoera hobetzeko borrokatzea».

Zer egin orduan? Beharrezkoa da langileon baldintzak okertu ez daitezen eta okerren dauden langileen egoera hobetzeko borrokatzea, betiere langile independentzia oinarri izanik. Langileon antolakuntza independenterik gabe, hobekuntza oro sistemarekiko/Estatuarekiko dependentzian lortuko da, epe ertainera langileriaren gaineko dominazioan sakonduz. Autodefentsa antolatzeari eman behar zaio garrantzia beraz, garaipen txiki bakoitzarekin antolatuta lortu daitekeela frogatuz eta gradualki garaipenak mailaz igoz. Hori da zaintza eta osasuna lehenetsi daitezen dugun aukera bakarra, kapitalismoari ezin baitzaio eskatu izan ezin dena izatea.

Azkenik, aipatu nahi nuke Gazte Koordinadora Sozialistak abiatu duen Burgesiaren Ofentsiba gelditu! dinamika, azpimarratu ditudan ideien ildotik egoeraren gaineko analisi politiko egokia egiten baitu. Hasieran esan bezala, dinamika honen berri eta eduki gehiago ondorengo esteketan.

Ez geratu geldirik. Ez dezagun utzi krisiaren erantzuleek aberastasuna pila dezaten, ondorioak langile klaseak pairatzen dituen bitartean.

- https://gedar.eus/aktualitatea/mugimendusozialista/ezkutuko-salbuespen-egoeraren-aurkako-salaketa-kanpaina-politikoa-abiatu-du-gksk

- https://aginteahausten.wordpress.com/2020/03/24/reflexiones-sobre-el-regimen-del-covid-19/

- https://gedar.eus/koiuntura/manexGM/koronabirusak-kendu-dituen-karetak

- https://gedar.eus/kolaborazioak/AnderGoiatxe/covid-19aren-hedapenak-sortu-duen-egoeraren-inguruko-hainbat-gako

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun