'Baserritik etxera' ekimena jarri dute martxan Leitzaldean

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 31a, 11:00
Astelehenetik asteazkenera egin beharko dituzt eskaerak.

Leitza eta Aresoko baserritarren elikagaiak astean behin etxean jasotzeko aukera izanen dute hemendik aurrera herritarrek. Leitzaldeko hainbat baserritarrek, LeitzEKO kontsumo taldeak, Leitzako laguntza sareko kideek eta Leitzako Udalak krisialdi honi erantzuteko elkarlanean sortu duten egitasmoa da.

Covid-19a dela eta, konfinamendu egoeran tokiko produktuen salerosketa nabarmen zaildu da: «ez da ahaztu behar baserritar txikien ekoizpenarentzat irtenbide nagusia salmenta zuzena izan ohi dela». Horri erantzuteko, Baserritik etxera egitasmoa sortu dute; bertako elikagaiak herritarren eskura  jarriko dituzte eta salerosketa segurtasun protokolo zorrotz bat jarraituz eginen dute. 

Astean behin banaketa

Bertako baserritarrek ekoizten dituzten produktuen zerrenda argitaratu dute: Leitzako 10 ekoizleren eta Aresoko 3 ekoizleren eskaintza bilduz. Gazta, banabarrak, barazkiak, intxaurrak, marmeladak, urdaiazpiko kroketak, arrautzak, axuriak, txerrikumeak, txekor haragia, sagardoa... dira eskaintzen dituzten produktuetako batzuk.  Bertatik nahi dena eskatzeko aukera izanen da. Astelehenetik asteazkenera egin behar dira eskaerak, 617 38 59 33  telefonora deituta (09:00etatik 18:00etara) edo mezu bat bidalita. Ostiraletan eginen dute banaketa eta azpimarratu dute «produktuak zuen etxera modu seguruan eramanen ditugu».

Ordainketa

Bestalde, argitu dute produktuak etxean jasotzen diren momentuan ez dela ordainketarik egin beharko. Erosleak egoera hau amaitzean eginen dio egindako eskaera guztien ordainketa LeitzEko Kontsumo Taldeari. 

Baserritarrei, berriz, astero eginen zaie saldutako elikagaien ordainketa, horretarako LeitzEKO kontsumo taldeak eta Leitzako Udalak hitzarmena egin dute eta erosleen dirua aurreratuko dute. Horrela, diruaren joan etorri fisikoa ere murriztuko dute osasun segurtasuna hobetuz.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun