COVID-19: Elkarrizketak

«Zorionez herrian laguntzeko borondate handia dago»

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 30a, 09:30

Maialen Apezetxea, Goizuetako zinegotzia.

Maialen APEZETXEA ETXEBERRIA  |  Goizuetako zinegotzia

Goizuetako Udaleko zinegotzia den Maialen Apezetxeak hurbiletik ezagutu du Goizuetan koronabirusari aurre egiteko eraiki duten laguntza sarearen sorrera: «inguruko herrietan martxan jartzen ari zirela ikusita, herrian ere sortu beharko genukeela pentsatu genuen». Gaia esku artean zutela, «Nafarroako Gobernuko eredu bat» ailegatu zen eta «horri ingurukoek gehitutako alderdiak gehituz» aritu dira lanean.

Hala, «udaleko mugikor zenbaki bat ireki» zuten, bai boluntarioek izena emateko, baita laguntza behar dutenek eskatzeko ere». 24 orduko epea ireki zuten boluntarioak biltzeko eta elkartasun handiz erantzun zuen herriak: «12 boluntariok eman zuten izena». Horiei «egindako protokoloa bidali» eta «zalantzak galdetzeko aukera» eman genien. Ez dakite sareaz beharko diren, «zorionez herrian lagun, bizilagun, familia sare asko daude eta herritarrek laguntzeko borondate handia dute». Dena den, «badaezpada» sortzea erabaki zuten.

Momentuz ez dute laguntza eskaerarik jaso, baina joan behar izatera, prest daude eta prozesua zehaztuta dute: «laguntza behar duenak 647 86 21 79 telefonora deituko du eta ni izanen naiz koordinatuko duena. Lehendabizi boluntario bati deitu eta momentu horretan aukerarik baduen galdetuko nioke. Noski, ezin da sintomarik izan eta konfidentzialtasun osoa eskatuko zaio. Hala bada, laguntza eskatu duenarekin harremanetan jarriko da. Erosketa egin eta tiketa niri bidaliko didate, inondik inora gehiago kobratuko ez zaiola bermatzeko». Ordainketari dagokionez, «dirua ez erabiltzeko aholkatu dutenez, dendaria eta laguntza eskatu duenaren artean erabaki beharko da txartelarekin ordaindu edo kontu bat irekita utziko den, hau dena bukatzean ordaintzeko».

Botikak eske joan behar denean, berriz, prozesua bestelakoa izanen da: «boluntarioak Osasunbideko txartela hartzera joan beharko luke lehendabizi» eta erosketak egin gero.

Apezetxeak gainerako herritarrek ere laguntzeko aukera badutela adierazi du: «etxean gelditzea da egin dezakegun hoberena. Lana egin behar dutenen kasuan eskuak ongi garbituz, distantziak...». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun