«Herritarrei bertako produktuak kontsumitzeko aukera eskaini nahi diegu»

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 23a, 11:30
Xabi Kuetok buru-belarri dabil Kontsumo Taldea osatzeko prozesuan.

Xabi KUETO Aranoko zinegotzia

Herritarrek ekoitzitako produktuak herrian bertan kontsumitzeko helburuz, Kontsumo Taldea sortzeko lanean ari dira Aranon. Dagoeneko lehendabiziko urratsak eman dituzte eta epe luzera begira, «aukerarik izanez gero, salmentarako gune finko bat» sortu nahi dute.

Sortzez bizkaitarra den arren, Aranon bizi da Xabi Kueto. 2019ko ekainaz geroztik, herriko zinegotzia da eta, udal taldeko partaide gisa, «herritarrek behar duten guztian, ahal den neurrian, laguntzea» da bere egitekoa. Herria ez ezik, bailara ere begiz joa du bizkaitarrak. Izan ere, «Mendialdeko eta Cedernako ordezkaria da, baita babes zibilekoa ere». 

Udal taldeko ardura eta Cedernakoa uztartuz, Kontsumo Taldea eratzeko emandako pausoak gertutik segitu ditu Kuetok. Izan ere, «Cedernan eskualdean lehen sektorea suspertzeko lanean diharduen teknikariarekin izandako bileretatik» sortu zen taldea sortzeko ideia. 

«Sor daitezkeen ekoizle taldeekin

loturak eraiki nahi ditugu»

Taldearen helburua «bertako ekonomia suspertzea» da, eta horretarako, «Aranon dauzkagun ekoizleek zer egiten duten zabaltzeari» beharrezko deritzote. Era berean, «ekoizleek eta erosle izan daitezkeenek elkar ezagutzea» bultzatu nahi dute. 

Ezagutze-lanean hasiak dira, bilerak eginez eta, pixkanaka, taldea egituratuz: «lehendabiziko hitzorduan hiru besterik ez ginen bildu, bigarren bilerara, berriz, zortzi lagun etorri ziren». Geroztik, «beste batzuk taldera batzearen alde agertu dira». 

Momentuz «Aranon bakoitzak eskain dezakeena» bilduz, «taula bat» osatzen ari dira eta «beste lekuetan egiten ari diren ereduak» ezagutu nahi dituzte: «hurrengo bilerarako gutxieneko arau batzuk eratzea adostu dugu». Aurrera begira, «Urumeako bailaran eta eskualdean sor daitezkeen taldeekin loturak eraiki» nahi dituzte. Gehiago ere bada: «salmentarako gune finko bat eratzeko» aukera ere aztertu nahi dute, «baina hori epe luzera izanen litzateke».

Taldeari esker, herritarrei «bertako produktuak kontsumitzeko aukera» eman nahi diete: «horrela, beharbada, jendea gehiago ekoiztera animatuko da eta gazteek lan aukera ikusi eta herrian gelditzea erabakiko dute».

Herriak eskaintzen dituen aukerak baliatzeko modua ikusten du Kuetok talde honen eratzearekin eta hori «aprobetxatzeko» deia egin die herritarrei: «epe ertain eta luzera begira guztion mesederako izanen da eta». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun