COVID-19: Elkarrizketak

«Koronabirusari bostok elkarrekin aurre egingo geniola erabaki genuen»

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 23a, 10:15

Maitane, Richard, Mateo, Amelia eta Maria bakartuta daude Aresoko Txuinea baserrian.

Martxoaren 12an goitik behera aldatu zen Aresoko Gereño-Brazete familiaren egunerokoa. Mateo, lau urteko semea, eskolatik bazkaltzera etorritakoan arraro xamar sumatuta arratsaldean eskolara ez eramatea erabaki zuten. Ezin pentsa zezaketen, ordurako, koronabirusa etxean zutela. Hamabi egun pasa dira geroztik, kezkak, beldurrak, erabakiak hartu beharra, irudimena, barreak, familiaren lotura… guztiak aipatu ditu Maitane Gereñok bizitzen ari direnaz hitz egiterakoan. Etxeko bostak Txuinean bakartu eta elkarrekin gaixotasunari aurre nola egiten ari diren azaltzeko eskatu diogunean.

Nola hasi zen guztia?
Mateo, lau urteko semea, martxoaren 12 eguerdian eskolatik etorritakoan arraro xamar sumatu genuen  eta arratsaldean ez zela eskolara joango erabaki genuen. Ez zuen sukarrik edo bestelako sintomarik, baina ez dakit sena edo zer izan zen erabaki hori hartzera bultzatu gintuena. Asteazkenean hiru irakasle ez ziren lanean aritu, bat gaixo zegoela eta beste biak prebentzio neurri bezala etxera bidali zituztela esan zuten. Koronabirusaren zurrumurrua zabaldu zen gurasoen artean, baina inork ez zuen kontua segurutzat jotzen. Ostiralean ere Mateo ez zen eskolara joan eta eguerdian audio mezu bat bidali ziguten eskolatik, irakasleak positibo eman zuela esanez. Hori entzundakoan, Osasun Etxera deitu nuen segituan.

Berehala esan zizueten semeak koronabirusa izango zuela?
Ostiral arratsalde-iluntzean konfirmatu ziguten positibotzat hartzen zutela. Ez zioten testa egin, dena telefonoz izan zen, baina kriterioak betetzen zituen: positibo emandako pertsona batekin hartu-eman zuzena izan zuen eta sintomak zituen, hasieran eztula. Positibotzat hartzen zutela esan ziguten eta hortik aurrera guk ere hala jokatu behar genuela.


Zeintzuk ziren hartu beharreko neurriak?

Umea bakartu behar genuela esan ziguten. Hogei bat egunez gela batean egon beharra zuela, atera gabe. Bi gurasoetako batek bakarrik sartu zezakeen gela horretara eta batek hartu behar zuen beti horren ardura beti ere babes neurriak hartuta (maskara eta eskularruak jantzita). Bere arropak, mahai tresnak… bereak bakarrik izan behar zutela eta arropak ere banatuta 90 gradutan garbitu behar genituela esan ziguten.

«Nola eduki behar nuen lau urteko haurra hogei egunez bakarrik? Bere senideak ikusi gabe, gurasoetako bat ikusi gabe. Lau pareten artean, atera gabe».

Zein izan zen zuen erreakzioa?
Momentuan harrituta gelditu ginen, entzun ahala baietz erantzuten genien. Telefonoa eskegi orduko ohartu nintzen ez zela posible. Nola eduki behar nuen lau urteko haurra hogei egunez bakarrik? Bere senideak ikusi gabe, gurasoetako bat ikusi gabe. Lau pareten artean, atera gabe. Hogei egun sendatzeko beharko zituela esan ziguten eta beste hamar prebentziokoak. Denera, hilabete bat. Guk ere ezin genuen hamalau egunez etxetik atera, kontaktu zuzenak ginelako. Bostok elkarrekin bakartzeko erabakia hartu genuen orduan. Protokolo batzuk bete behar dituzte eta hasieran traba batzuk jarri zizkiguten, baina ez genuen atzera egin gure erabakian. Geroztik, egunero jasotzen dugu Osasun Zerbitzuetatik deia egoeraren jarraipena telefonoz egiten dute.


Gaixotasuna nola azaldu zenieten seme-alabei?

Gauzak argi azaldu dizkiegu hasieratik. Birus bidaiari bat zegoela kontatu genien, munduan zehar ibiltzen zena. Aurrena Txinan izan zela, gero Italiara joan zela eta orain Aresora iritsi dela, gure etxeraino. Birusak gehiago ez bidaiatzeko eta inor gehiago ez gaixotzeko etxean egon behar genuela azaldu nien. Mateok eta Ameliak, seme-alaba zaharrenek, (lau eta hiru urte dituzte) oso ongi hartu zuten. Beraiek argi diote: ‘ni gaixorik nago, koronabirusa daukat eta ezin gara etxetik atera beste inor ez kutsatzeko’. Ttikienak, Mariak, urtebete bakarra du eta ez du ulertzen zer gertatzen den. Nire gurasoek egiten dizkigute erosketak eta etxe inguruko hesian utzi eta etxera bisitan ez etortzea, ulergaitza da beretzat.


Familiako beste kideek ere izan dituzue sintomak?

Mateo izan da okerren pasa duena, arnasa hartzeko arazo handienak berak izan dituelako. Baina familiako bost kideetako lauk izan ditugu sintomak. Guztiek, Richard senarrak, izan ezik. Sukar alturik ez dugu izan, febrikula, beherakoa, eztula, eztarria marrakatuta… maila desberdinetan baina horiek izan dira izan ditugun sintomak.


Nolakoa da zuen egunerokoa?

Egunero ariketa edo ekintza bereziren bat egiten saiatzen gara. Anai-arrebek elkarrekin asko jolasten dute, baina denok elkarrekin pasatzeko momentuak bilatzen ditugu: bizkotxo bat egin, aurpegia margotu… Herritik urruti, baserri batean bizi gara eta pribilegiatu batzuk garela uste dut. Ukuilu, ganbarak, etxe atariak… arnasa hartzeko aukera ematen digu. Igandetan normalean, mezara joan eta gero kroketa bana jaten dugu eta horregatik atzo, nire gurasoak etxe ondoko hesira etorri eta kroketak eta bermuta ekarri zizkiguten. Hiru metroko distantzia mantenduz, baina ohitura mantendu genuen.  Arkumea ere prestatu genuen bazkaltzeko eta txanpainarekin ospatu genuen bostok ongi gaudela eta elkarrekin. Zorionez, ospitale beharrik ez dugu izan. Bostetako bat Iruñera eraman beharra baldin bazen. Ez dituzte bisitak onartzen... Ez dut egoera hori imajinatu ere egin nahi.

 

«Etxean egotea ez da arazoa, ederki gaude etxean. Arazoa gaixorik egotea da, beldur hori izatea»

Nola daramazue emozionalki? Gogorra da. Seme-alaben aurrean dena polita jartzen saiatzen zara, baina egia da badirela momentu zailak ere. Guri tokatu beharra, eskualdean lehenengoak izatea... askotan pasatzen zaizu burutik. Nahiz eta mundu erdia gaixorik egon, zuri tokatzen zaizunean ez da erraza. Etxean egotea ez da arazoa, ederki gaude etxean. Arazoa gaixorik egotea da, beldur hori izatea. Medikuek ere zer den ongi ez jakitea eta birusa etxean duzula ikustea. Kezka hori duzu guraso bezala eta ingurukoek ere sortzen dizute kezka. Aiton-amonak ongi ote dauden… Egunak aurrera joan eta sintomarik ez dutela ikusita, lasaitu naiz. Semearen eskolako kideak ere ez direla kutsatu ikusitakoan asko poztu naiz. Ikaragarria izan zitekeen, bata bestearen atzetik kutsatu eta herri guztian zabalduko zen. Guk jokatu dugun moduarekin ere harro gaude, kezka ttikiena izanda etxean utzi genuen haurra eta badakigu hori eginda klasekide gehiago kutsatzea ekidin genuela.


Nola kudeatu duzue jasotako informazioa?
Informazio gehiegi dago eta aldi berean hasierako momentuan guraso bezala genituen kezkak argitzeko, erantzunak falta izan zitzaizkigun. Mezuak, telefono deiak… bonbardaketa bat izan zen lehenbiziko egunetan jaso genuena. Eromena izan zen. Baina lasai eta ongi eraman dugu guztia. Eskutik heldu eta aurrera, elkarrekin eta ongi gaudela pentsatzeak indarra eman digu. Eguneroko bat idazten ere ari naiz, egunero zer egiten dugun bildu eta argazkiak ere ateratzen ditugu.


Zein mezu zabaldu nahiko zenuke?

Etxeak gelditzeak duen garrantzia azpimarratu nahi nuke.  Ezinbestekoa da jendea ez kutsatzeko eta pikoa ez egoteko. Ahizpa erizaina dut eta ongi baino hobeki dakit osasun zerbitzuetan baliabide gutxirekin dabiltzala lanean. Hori batetik eta gaixotasuna etxean dutenei, animoak eman nahi nizkieke. Tartean momentu zailak eduki arren, gaixotasuna modu polit batean ere  eraman daitekeela. Ongi atera daitekeela guztia eta espero dugula dena ongi ateratzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun