«Liburutegiko zerbitzu guztiak izanen dituzte herritarrek eskura»

E. IRAOLA 2020ko mar. 19a, 11:00
Harkaitz Delgado Leitzako liburuzaina.

HARKAITZ DELGADO TOBIAS
Leitzako liburuzaina

Liburutegi ibiltariarekin baliabideak, aholkularitza zerbitzua eta herritarrek literaturzaletasuna sustatzeko antolatu ditzaketen ekimenetarako sustengua eskaini nahi dituzte

Otsail hondarrean jarri zuten martxan Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko liburutegi ibiltaria. Harkaitz Delgado liburuzaina da zerbitzua sustatu eta kudeatzeaz arduratzen dena. Liburuzainek erabiltzailearekin duten tratuak eta harremanak «zerbitzuaren erabilera ziurtatu eta finkatzen» duela iritzita, bera izanen da hilabetean behin herritarrengana bisitan joanen dena. (*Koronabirusa dela eta zerbitzua momentuz bertan behera utzi dute)

Zein da liburutegi ibiltariaren helburua? 
Gure inguruan herri asko dago liburutegi-zerbitzu egonkorrik gabe eta hori nolabait arintzeko helburuarekin sortu dugu LAGA Liburutegi Ibiltaria. Proiektu honek Leitza, Areso, Goizueta eta Arano batzen ditu, eta hasiera batean norabide bakarreko zerbitzua badirudi ere, denborarekin jendea ohartuko da guztientzat dela onuragarria, informazio asko partekatuko baitugu elkarrekin.

Ez da zabaldua dagoen eredua...
Orain arte, Aurizberriko liburutegiak eskaintzen duena izan da Nafarroako liburutegi ibiltari-zerbitzu bakarra. 20 urte baino gehiago daramate zerbitzu hau eskaintzen, eta, egia esatea nahi baduzue, ez dut ulertzen nolatan ez den esperientzia hori beste herri eta eskualde batzuetara zabaldu. 

Zein da funtzionamendua?
Liburutegi ibiltariaren funtzionamendua erraza da. Baldintza bakarrenetakoa Nafarroako Liburutegi Sareko erabiltzaile-txartela egitea da, guztiz doakoa. Erabiltzaileek aldez aurretik eska ditzakete nahi dituzten dokumentuak eta banaketa egunean bertan jaso. Komunikaziorako bide ugari daude eta erosoen suertatzen zaiona erabil dezake erabiltzaileak. Horretaz gain, banaketa egunean bertan, dokumentu aukeraketa bat eramanen dugu herrietara, eta horietatik ere aukeratu ahalko dituzte. Banaketak egiteko egunak ere aukeratu ditugu: Aresorako hileko azken osteguna, eta Goizuetarako eta Aranorako azken ostirala. Egun horietan herrietara gerturatuko gara, dokumentuz betetako kutxak hartuta, eta ordu erdiz erabiltzaileekin egoteko baliatuko dugu.

«Hainbat zerbitzu aurrez aurre eman behar dira»

Bitartekaria izanen zara, baita gidaria ere... 
Gure lana, hein handi batean, horretan datza; hain zuzen ere, liburutegiko liburu guztiak irakurri ez baditugu ere, askoren erreferentziak jasotzen ditugu, eta informazio hori baliatzen dugu erabiltzaileei irakurketa-proposamenak egiteko. Askotan jendea seme-alabentzako liburu bila etortzen da eta guretzat momentu ona izaten da guraso horiei ere irakurketaren bat proposatzeko. Ez dugu aukerarik galtzen (kar, kar).

Liburutegi ibiltariaren egitekoa dokumentuen trukea baino gehiago izatea nahi zenukeela aipatu izan duzu. Azaldu…
Liburutegien helburua liburuetatik haratagokoa den bezala, liburutegi ibiltariaren zerbitzua ere ez da dokumentuen trukera mugatzen. Inplikatutako lau herrien arteko harremana sendotzea ere badu helburu, eta horretarako jendearen iniziatibatik sortutako jarduerak bultzatu nahi ditu. Jendearengandik sortutako esperientzia asko partekatu ditzakegu elkarrekin eta liburutegia horiek ardazteko tresna baliagarria dela uste dut.

Horretarako, herritarren inplikazioa, parte-hartzea, funtsezkoa izanen da?
Bai, noski! Herritarren inplikazioa da honen guztiaren motorra: herriarena eta herritarrentzat. Zerbitzuak jasotzen ditugun neurrian, zergatik ez hasi zerbitzuak sortzen? Jendearen borondatez elikatutako zerbitzuak askoz ere osasuntsuagoak dira, eta jendearengan hurbiltasuna sortzen dute. Liburutegian, azkenaldian izan ditugun jarduera guztiak erabiltzaileek sortutakoak izan dira eta, herritarren inplikazioa tarteko denean, horiekiko interesa ere handitzen da. 

Zer nolako harrera izan du momentuz zerbitzuak?
Oso harrera ona izan du maila guztietan. Hasieratik udalen erantzuna ona izan da eta bidea erraztu dute proiektuak aurrera egin dezan. Otsailean egin genituen lehenengo banaketak eta jendea gustura gelditu zela iruditzen zait. Gero eta jende gehiagok betetzen du liburutegi ibiltariaren zerbitzua baliatu ahal izateko erabiltzaile-txartela, eta hori seinale ona da. Aurrera begira, itxaropentsu nago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun