Leitzatik Donostiarako bidea egiten duen autobusak Lopeneko biribilgunean izanen du geltokia martxoaren 17ra arte

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 11a, 13:30
Martxoaren 17tik aurrera autobus guztiek Leitzako Herri Areto aurrean izanen dute geltokia.

Martxoaren 1etik aurrera taxi eta autobusek Leitzako Herri Areto parean dagoen geltokia erabiliko zutela jakinarazi zuen udalak. Donostia eta Leitza arteko zerbitzua ematen duen Conda (ALSA) autobus konpainiak, ordea, ez du neurria bete.

Hainbat arazo, nahasmena eta eragozpenak sortu ditu autobus konpainiaren jokaerak eta udalak kexa ofiziala aurkeztu ondotik, Nafarroako Gobernuaren bitartekaritza izan dute arazoa konpontzeko. Condako autobusak martxoaren 17ra arte Lopeneko biribilgunean gelditzea adostu dute, baina egun horretatik aurrera Leitzako Herri Aretoko geltokia erabiltzen hasiko dira. Leitzaran konpainia, berriz, martxoaren 1az geroztik Leitzako Herri Aretoko geltokia erabiltzen ari da.

Bestalde, aipatu behar da, bi taxi gidari direla herrian zerbitzua eskaintzen dutenak: Arantxa Iparragirre eta Dabid Barriola. Azkeneko aldizkarian hiru zirela idatzi  genuen eta barkatu eragozpenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun