Leitzako kaleak emakumeenak ere badirela aldarrikatu dute martxoaren 8an

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 9a, 10:45

Izena eman, izana aitortzeko. Horixe egin zuten atzo goizean Leitzako kaleetan. Martxoaren 8a ospatzeko kalejira koloretsua antolatu zuen Leitzaldeko mugimendu feministak, kaleak bete eta eraldatzeko asmoz. Herriko sei kaleri izenak aldatu zizkieten, herriko sei emakumeren izenak emanaz. Emakume horien bizitzari buruzko datuak ere eman zituzten eta zientzia arloan, kulturan, hezkuntzan, nekazaritzan, kirolean... egin duten lana aitortu zieten horrela. Plazan bukatu zuten kalejira eta bazkaria eta bazkalosteko akelarrea izan zituzten eguna borobiltzeko.

Leitzako plazatik goizeko 11:30ean abiatu zen kalejira, txistulariek eta trikitilariek girotuta. Leitzako Herri Areto ondoan egin zuten lehenbiziko geldialdia eta bertan, jarri zuten lehenbiziko plaka: Mikaela Labaien Lasarteri eskainitakoa. Herrian barna ibilbidea osatuz, Pilar Lasarte Zubiturri, Miren Otermin Gaztañagari, Emakume baserritarrei eta Naiara Perurena Aizkorberi eskainitakoak jarri zituzten gero.

Ione Gorostarzu idazleak eskainitako hitzen eta Ane Intxausti bertsolariak abestutako bertsoen bidez, sei emakume horien bizitzari buruzko informazioa eman zuten. Gizarteko oztopo, aurreiritzi, trabak... gaindituaz maite duten hori eginez bidea osatu duten emakumeak dira guztiak eta martxoaren 8a baliatuta, omenaldia eta aitortza egin zieten.

Plazan bukatu zuten kalejira, olerki ederrak errezitatu eta borobilean bilduz. Bertan bildutako emakume askok Atekabeltz herrigunean bazkaldu zuten gero giro ederrean. Bazkalosteko akelarrean ere denetarik izan zuten, abesti feministekin egindako bingo musikatua, poesia errezitaldi labur bat, femi-rol playing antzerki txikiak, aulki jokoa eta dantzaldia. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun