«Mendialdeko gazteak elkartu eta independentzia aldarria indartu nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 9a, 13:00
Ainara Saralegi leitzarra.

Ainara SARALEGI leitzar gaztea

Leitzarra da sortzez, leitzarra izatez, baina «azken hiru urteetan» eguneroko bizia Gasteizen egin du Ainara Saralegik. Ikasketek markatu zuten bere norabidea, baina distantziak ez du eten herriarekiko duen lotura: «astebururo herrira bueltatzen naiz». 

Leitzan dagoenean «gauza gehiegi» izaten ditu egiteko: «unibertsitateko lanak, gaztetxeko ekimenak, lagunekin egoteko tarteak... beti izaten dut zer egina». Azken aldian, esaterako, Independentzia Eguna antolatzen aritu da Mendialdeko Ernaiko bertze hainbat kiderekin batera. Ez da gauetik goizera antolatu duten eguna izan: «bada denbora bat lanketa honekin ari garela, bilerak egin eta ardurak banatu ditugu, denen artean errazago antolatzeko».

Guztien ekarpenak bilduz, «egun bete-betea» antolatu dute. Goizean mahai inguruan bilduko dira, «Ainhoa Etxaide, Saioa Iraola, Iratxe Delgado eta Aitzol Gil de San Vicenterekin batera, alderdi askok prozesu independentistari egiten zaizkion ekarpenez jabetzeko». Ondoren, «manifestazioa eginen dugu Mendialdeko gazteok, independentzia! lelopean». Goiza bazkariarekin borobilduko dute eta arratsaldean eta gauean elektrotxaranga eta kontzertuak izanen dituzte.

Horrekin guztiarekin «independentziaren aldarria gazteen artean berpiztea eta indartzea» eta «Leitza, Malerreka, Baztan eta Bortzirietako gazteen arteko kohesioa sendotzea» dute helburu. Ilusioz antolatu dute eguna eta bertaratzen direnek ere halaxe hartzea espero dute, «denontzat interesgarria izan daitekeen eguna izateaz gain, ikasteko aukera izanen dutelako». Festaren aitzakian, eztabaidatzeko eta hausnartzeko gunea ireki nahi izan dute eta horixe da hain zuzen leitzarrarentzat egunaren ekarpen nagusia: «ideiak trukatzeko espazioak sortzea beti da aberasgarri eta».

Ez da hutsetik sortutako ekimena izan. Izan ere, «Mendialdeko Ernaiko kideek apirilaren 10etik 12ra antolatu duen bidEHbat mendi martxara begira» antolatu dute. Eta ildo beretik segituko dute, «Independentziaren Eguna urte osora zabaltzearen beharraz» jabetzen direlako. Ongi dakite zein den bidea: «antolatzea eta lanean segitzea». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun