Inauteriak eta emakumea

Gure herrietako inote, ihote edo inauteriak pasa berriak diren honetan, «emakumez» mozorrotzeak joko handia ematen duela dirudi oraindik ere bazter guztietako ospakizunetan. Modaz pasatzen ez den karakterizazioa izango da hau dudarik gabe!

Oraindik ere modaz pasatzen ez dena, ustez emakumeei lotutako rolak, estereotipoak, jarrerak, keinuak, izaerak... muturrera eramandako parodien bitartez erreproduzitzea. Inauterietan dena «libre» den honetan...
Kristautasunak ezarritako mugak eta arauak hain izango ziren zorrotz garai batean... hain izango ziren estuak bete beharreko kodigoak, ezen baraualdi gogor eta luzeei aurre egiteko inauteriak bezalako ospakizunek ia edozertarako lizentzia ematen baitzuten maskara eta zaku zaharren atzean ezkutatuta. Eta emakumez janzteak ere beti izan du nolabaiteko «morboa»! Etxekoandre umore pipertuen errepresentazioak, ipuinetako printzesa pinpirin edo axalekoak, sorgin zahar mutur beltz, zimurtu eta sudurrean karexdunak,... atso zaharrak bai, eta nola ez, gona motxeko neskame edo erizainak. 
Gure ohiturek, gure esaerek, gure pentsaerak,... gu egiten gaituzte, herri bezala garen modukoak. Hain pluralak, hain «modernoak»,... hain parekideak garela sinistuta gauden honetan, gure ohiturak ere gure bizimodura eta gaur egun defendatzen ditugun balioetara egokitzeko ahalegin bat ez ote genuke egin behar? Umorea baztertu gabe, inauteriek eta gainerako festek ere ezin ote lukete berdintasun eta errespetu horren isla izan?

«Gainditu beharreko atakek ez gaituzte guk nahi bezain aske egiten»

Edo aizue, ez ote gara agian gure aniztasunaren koloreak ikusteko hainbesteraino gai!? Ez ote gara pentsatzen dugun bezain «modernoak» eta parekideak izango? 
Gure inguruko inauterietan, etxez etxe eskean ibiltzen ziren mutil gazte eta ezkongabeei, emakume ausart batzuk orain dela urte batzuk hasi zitzaizkien, baina oraingo honetan eskubide berdinen eskean. Gaur egun, inork ezin die festa hauetan parte hartzea zalantzan jarri, nahiz eta pertsonaia nagusietan oraindik ere beren burua agertzea kosta egiten zaien! Zahagi dantzetan hasiak dira emakumeak agertzen, joaldunetan ere bai... behar duten lekuaren nagusi lotsarik gabe izaten... ahalduntzen, jabetzen.
Orain martxoaren 8a datorkigu eta errebindikazioz betetako egunak biziko ditugu aurten ere. Eta inauteriak pasatuko dira, dena «libre» dela sinistuz pasatuko ere! Baina gure bizitzako erronkak ez dira pasatuko gainditu beharrekoak gainditzen ez ditugun artean. Eta gainditu beharreko ataka hauek ez gaituzte guk nahi bezain aske edo «libre» egiten. Denen artean errazagoa izanen da! Ez badirudi ere, horrenbeste daukagu egiteko… 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun