M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2020

Martxoaren 8aren bueltan hainbat ekitaldi prest dituzte Leitzaldean eta Urumealdean

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 4a, 12:00
Iaz Leitzan egindako manifestazioa.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Aranon, Areson, Goizuetan eta Leitzan. Ipuin-kontaketak, film emanaldiak, solasaldiak, antzerkiak, afariak eta erakusketa berezia antolatu dituzte.

Areson martxoaren 6an, eskolan tailer berezia eginen dute eta gero, lau urtetik gorako haurrentzat ipuin-kontaketa saioa izanen dute. Pontxarekin ipuin berdin lana eskainiko du Jaione Urtasunek 17:00etatik aurrera Udaletxean. Emakumeak biltzeko asmoa ere badute eta larunbatean afaria edo igandean hamaiketakoa egitekotan dabiltza.

Aranon, ospakizunei aurre hartu eta martxoaren 7rako egin dute hitzordua. Denborak ahaztutakoak helduentzako ipuin kontaketa musikatua izanen dute, Ameli eta Xirrikituen jostunek taldearen eskutik. 20:00etan hasiko da emanaldia. Iganderako ere, hitzordua egina dute. Amak ikuskizuna ikustera joanen dira Ereñozura eta gero afari merienda izanen dute.

Goizuetan, martxoaren 7an, Munduko emakumeak helduentzako ipuin kontaketa musikatua eskainiko dute Ameli eta Xirrikituen jostunek 17:00etatik aurrera. Urtero bezala, emakumeak mahaiaren bueltan bilduko dira  giro ederrean. Oxeguardan bazkaria eginen dute igandean, baina aurretik kirol pixka bat egiteko aukera ere izanen dute. 12:00etan Lilatoi mistoa eginen dute eta arratsaldean kalejira morea ere izanen dituzte. Asteburuan Goizueta morez janzteko gonbidapena ere egin diete herritarrei, balkoiak apaindu eta soinean zerbait morea janztera animatuz. Apirilaren 8an, eskolako ikasleak izanen dira oholtzara igoko direnak. Benetan berdinak al gara? antzerki emanaldia eskainiko dute 6. mailako ikasleek. Hezkidetza eta genero berdintasuna antzerki bidez lantzeko tailerrean sortutako emanaldia 11:30ean hasiko da eskolan.

Leitzan, martxoaren 8an, kalejira musikatua eginen dute 11:30etatik aurrera. Plazan elkartuko dira eta kaleen izenak aldatuz itzulia osatuko dute. Emakumeen bazkaria eginen dute gero Atekabeltzen. 20:00etan emakumeen elkargunea antolatu dute Torrean. Martxoaren 10ean, Erleta eskolako 5. mailako ikasleek Herri kirolak eta Berdintasuna kirolean antzerkiak eskainiko dituzte 18:30etik aurrera eskolako jantokian. Martxoaren 12an, 18:30ean Moio liburuaren inguruko solasaldia antolatu dute emakume asanbladak eta Sastrakak. Bukatzeko, martxoaren 13an, Benetako emakumeek kurbak dituzte pelikularen emanaldia eta solasaldia antolatu dituzte 18:00etan Atekabeltzen. Horretarako, Maria Castejon gonbidatu dute hitzordura.

 

Erakusketa berezia
Goizuetako emakume taldeak, Leitzako Emakume Asanbladak eta Sastrakak Zer da zuretzat emakumea? erakusketa antolatu dute. Herritarrei luzatu diete galdera eta emandako erantzunak bilduta, ikusgai jarriko dituzte gero. Goizuetan, martxoaren 23tik 29ra egonen da ikusgai eta Leitzan, martxoaren 30etik apirilaren 5era arte. Erakusketarako bere aletxoa jarri nahi duen orok, sastrakak@gmail.com helbidera bidal dezake erantzuna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun