Ekoizleen bilera arratsaldean Goizuetako udaletxean

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 4a, 07:00
Goizuetan Lan eta Bizi egitasmoaren barne, ekoizleen esperientziak izan zituzten hizpide. Orain, bertako ekoizleen produktuak sustatzeko eskuorria edo liburuxka egin nahi dute. Argazkia: Kronika.eus.

Martxoaren 4an, asteazkenean, dute hitzordua 18:30ean udaletxeko ganbaran.

Goizuetan lehendabiziko sektorean dabiltzan ekoizleekin bilera eginen dute gaur, martxoaren 4an, 18:30ean, udaletxean. Bileraren azken helburua herrian ekoizten diren produktuak sustatzeko eta herritarren arteko salerosketa bultzatzea da.

Horretarako, etxeko babarrunak, barazkiak, oilaskoak, arkumeak... ekoizten dituztenei bertaratzeko deia egin diete. Euren izenak eta ekoizpenaren nondik norakoak bilduz, zerrenda bat egin nahi dute.

Horiek sustatzeko, ahalik eta produktu gehienen informazioa bilduz, eskuorri edo liburuxka bat egin nahi dute. Azaldu dutenez, «liburuxka horretan produktuak agertuko lirateke ekoizleka sailkatua eta nola eskuratu ditzakegun azalduz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun