Leitzako Kaxkabeltza Elkarteak XII.Stock Azoka eginen du asteburuan

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 5a, 12:00
2015ean antolatu zuten lehenbizikoz salgai hondarren azoka.

Martxoaren 7an eta 8an pilotalekuan eginen duten azokara udazken-neguko salgaiak eramanen dituzte

Kaxkabeltza elkarteko kideek XII. Stock Azoka eginen dute martxoko bigarren asteburuan. Elkarteko sei komertziok parte hartuko dute azoka berezian, udazken-neguko salgaiak beherapen bereziekin plazaratuz. Hain justu, Kulunka haurrentzako arropa eta oinetako denda, Leitza Kirolak, Garbi lurrindegia, Bi pauso oinetakoak, Biok jantziak eta Kapritxo arropa eta osagarri denda izanen dira azokan parte hartuko dutenak.

Amazabal pilotalekuan
Eguraldiaren arabera, azken orduan, zehaztu izan dute aurreko txandetan azokaren kokalekua, baina oraingoan zuzenean Amazabal pilotalekuan egitea erabaki dute. Larunbatean 10:00etatik 19:30era eta igandean 10:00etatik 14:00etara eginen dute azoka. Azokako erosleak saritzeko asmoa ere badute antolatzaileek. Kaxkabeltzak Elkarteko komertzioetan saltzen dituzten produktuekin saski eder bat osatu dute eta erosketak egiten dituztenen artean igande eguerdian zozketatuko dute. Zozketan parte hartzeko beren izena eta telefonoa idatzi beharko dituzte txarteltxo batean eta kaxa batean sartu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun