Iñaki Perurena omendu dute erremontearen galan

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 2a, 13:00
Urrezko Erremontea lortu zuten Barrenetxea eta Aldabe eta Iñaki Perurena omendua, sari-emaileekin.

Barrenetxea IV.ak eta Aldabek lortu dituzte urrezko erremonteak eta Juanenea-Ezkurra II.a-Ion hirukotea nagusitu zitzaion Urriza-Barrenetxea bikoteari

 

Endika Barrenetxea IV.a izan zen protagonista nagusia larunbatean Hernaniko Galarreta frontoian, Erremontearen Egunean. Hernaniko atzelaria Gotzon Huegun eskultoreak diseinatutako Urrezko Erremontea eskuratu zuen lehen aldiz, eta aitzineko bortz urtetan garaikurra lortua zuen Urrizaren lekukoa hartu zuen. 2014. urtean Oriamendi 2010ko erremontelari talde osoaak irabazi zuen, eta 2013an Urrizak bere sei Urrezko Erremonteetako lehena lortu zuen. Lehenagotik Kpteto Ezkurra izan zen saritua.

Gainera, ez zen izan Barrenetxea IV.ak lortutako sari bakarra. A taldeko pilotari onena ere aukeratu zuten, partida nagusiak jokatzen dituzten pilotarien artean onena, beraz. B taldean, Aldabe izan zen saria jaso zuena.

Barrenetxea IV.aren saria guztiz merezia izan zen, azken urtean bere ibilbidea geldiezina izan baita. Banakako bi txapelak eraman zituen; garrantzitsuena, Kutxabank buruz buruko txapelketa irailean, eta Master UTS urtarrilean.

Txapela horiez gain, Orona-Binakako Txapelketan eta San Fermin Txapelketan txapeldunorde izan zen. Ez da ahantzi behar Azpeitiko Txapelketa urrian irabazi zuela Barrenetxeak, hain zuzen, Aldabe lagun zuela.

 

Iñaki Perurenari omenaldi berezia eta hirukotea garaile

Erremonte Egunak denetik izan zuen: kirol ikuskizuna, kultur ikuskizuna, besta, gastronomia eta omenaldi berezia Iñaki Perurena harrijasotzaileari. Leitzarrak sari berezi bat jaso zuen, Gotzon Huegun-ek egina, bere kirol-ibilbide osoa eta ibilbide kulturala azpimarratuz. Azkenean, Iñaki Perurena kirolaren eta euskal kulturaren ikono beala utzitako ondarea baloratu zuten.

Larunbateko jaialdiko partidarik berezienean, Urriza eta Barrenetxea bikotea, Juanenea, Ezkurra II eta Ion hirukotearen aurka aritu zen. Hirukoteak ez zion aukerarik eman bikoteari, eta partida polit bat irabazi zuen, 35-40.

Erremontistarik nabarmenena Ezkurra II.a izan zen, kantxaren erdian bere nahierara jokatu zuen, akatsik egin gabe eta tanto aunitz eginda. Juaneneak ongi akitu zituen tantoak eta Ion seguru egon zen gibelean. Halere, bikoteak ez zuen etsi. Bukaera arte borrokatu zuten, nahiz eta partida zail jarri zitzaien 17-25ekoarekin.

Berdinduta hasi ondotik, 12-17an urdinek bortz tantoko abantaila hartu  zuten eta zortzi tantoraino igo zuten

Piloteo gogorra izan zuten, eta, pixkanaka, gorriak gerturatu egin ziren, 31-32 eta 32-33an tanto bakarrera. Baina hirukotea ez zen larritu, eta, bukera on batekin, 35-40 partida itxi zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun