Leitzako Udala web orrialdea berritzeko lanean ari da

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 28a, 16:00
Sare sozialen bidez emanen dute azken albisteen berri.

Udalak web orrialdea berritu bitartean asteroko albiste eta jakinarazpenak sare sozialetan zabalduko dituela iragarri du

Badira urte batzuek leitza.eus web gunea zabaldu zutenetik. Bertan, Udalak «edozein herritar zein bisitarirentzat informazio esanguratsuena izan daitekeena biltzeko ahalegin handia» egin du.

Dena den, jakina da gaur egun informazio eta komunikazio teknologien erabilpenean, aldaketa ugari eta oso azkar ematen direla. Horren adibide da, gaur egun Leitzako Udalak berak, Facebook, Twitter eta Instagramen argitaratzen dituela, besteak beste, unean uneko jakinarazpenak, herriko eragileek deituriko hitzordu eta deialdiak hedatzeko bozgorailu lana ere egiten dutela ahaztu gabe. 

Horiek horrela, Leitzako Udalaren web orrialdea berrantolatu, nolabait informazioa osatu eta erabilterrazago bilakatzeko helburuari heldu zion Udalak joan den irailean.

Aldaketa horiek laguntza teknikoa ezinbesteko egiteaz gain, boluntario askoren denbora eta esfortzua ere eskatzen ari zaizkiela kontuan hartuz, web orria berritzen jarraitzen duten bitartean, "albisteen atala" eguneratu gabe dagoela begi bistakoa da.

Hortaz, web orrian lanean ari garen bitartean azken albisteen berri izan nahi dutenei sare sozialetara jotzeko deia egin diete. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun