Arano, Areso eta Goizuetako liburutegi ibiltaria aste honetan jarriko dute martxan

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 25a, 06:39
Argazkian, Areson egin zuten zerbitzuaren aurkezpeneko irudi bat.

Areson, otsailaren 27an eta Goizueta eta Aranon otsailaren 28an izanen dute lehenbiziko zerbitzua

Hilabetean behin izanen dute liburutegi ibiltariaren bisita Arano, Areso eta Goizuetan. Hala, Leitzako liburutegira joan beharrik gabe, honek eskaintzen dituen zerbitzuez gozatzeko aukera izanen dute herritarrek. Dokumentuen maileguaz gain, irakurzaletasuna bultzatzeko sor daitezkeen ekintzetarako baliabideak, sostengua eta aholkularitza ere eskaini nahi dituzte.

Liburutegi fisikorik ez duten herrietan zerbitzua eskura jartzea da ekimen honen helburua. Arano, Areso eta Goizuetako herritarrek Leitzako liburutegira joan beharrik gabe, dokumentuak jasotzeko aukera izanen dute: liburuak, aldizkariak, egunkariak, CDak, DVDak... interneten kontsultatu dezaketen katalogo zabala dute eskuragarri.

Zerbitzua dohainik
Zerbitzua dohainik izanen da, baina ezinbestekoa izanen da Nafarroako Liburutegi Publikoetako bazkide txartela egitea (fitxak udaletxeetan eskura daitezke). Gainera, liburutegi ibiltariko erabiltzaileek hainbat abantaila izanen dituzte: hamabi dokumentu sei astez maileguan hartzeko aukera izanen dute.

Funtzionamendua
Erabiltzaileek banaketa eguna baino lehen egin beharko dute eskaera whatsapp, email edo telefonoz. Hilabetean behin eginen dute dokumentu trukea: maileguan hartutakoak itzuli eta berriak hartu. Hilabeteko azken ostegunetan, Aresoko Udaletxean bilduko dira 14:15etik 15:00etara. Hilabeteko azken ostiraletan, 14:30etik 15:00etara Goizuetan izanen da liburutegi ibiltaria, Goxalin, eta Aranon, 15:30etik 16:00etara Maisuenean.

Irakurzaletasuna bultzatzeko ekimenak
Herritarrak inplikatzea ere nahiko luke liburutegi ibiltariaz arduratuko den Harkaitz Delgado liburuzainak: irakurzaletasuna bultzatzeko sortu daitezkeen ekintzetarako baliabideak, sostengua eta aholkularitza ere eskaini nahi nuke. Irakurle talde bat sortu, ipuin-kontaketa saio bat antolatu... herritarrak parte hartzaile aktiboak izatea».
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun