«Motorrean ibiltzeak indarberritu egiten nau, askori siestak bezala»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 22a, 10:00

Jon MAKAZAGA OTXANDORENA Goizueta

Nor da Jon Makazaga?
Motorra eta kirola afizio dituen goizuetarra.  

Noiztik ibiltzen zara motorrean?
Aitaren eta osabaren arrimuan hasi nintzen, gazte-gaztea nintzela. Lehendabiziko motorra osabak ekarri zidan sei urte nituenean. Halaxe hasi nintzen, etxean lehendabizi eta lagunekin gero.

Eta txapelketetan?
Orain dela hiru urte, lagunek animatuta. Hasieran lasterketa batzuk baino ez nituen egin... Probatu eta gustatu egin zitzaidan. Iaz, lehenbizikoz, txapelketa osoa egin nuen. 

Zertan aldatu zaizkizu lasterketak hasiera hartatik?
Lehendabizikoa gogorra izan zen. Mendian asko ibilia nintzen baina lasterketetan ibili gabea... Urduri nengoen, ia lorik egin gabe joan nintzen eta, bukatu banuen ere, gaizki ibili nintzen. Orain, abiatu aurretik urduritasuna sumatuta ere, hasi bezala lasaitu egiten naiz.

Iaz Euskal Herriko txapelketan bigarren postua lortu zenuen...
Erresistentzia probak dira eta, sufritu arren, ongi ibili nintzen. Karrerak irabazi gabe, konstantea izan naiz. Beti hirugarren eta laugarren postuetan ibiltzeak abantaila eman dit.   

Aurtengo zer asmo duzu?
Libre dudanean parte hartuko dut. Lana eta umeak ditut lehentasun... 

Nola moldatzen zara familia, lana, lasterketak... uztartzeko? 
Txandaka lan egiten dut eta  astegunetan denbora izaten dut. Antolatuz gero bada astia! Gainera, andrea ere on samarra dut... (irri artean).

Zer da motorra zuretzat?
Dena. Etxean eta inguruan betidanik ikusi dut eta nire bizitzaren zati da. Jendea siesta eginda indarberritzen den bezala, ni motorrean ibilita egiten naiz.

Motorrik gabeko asteburu batean... zein da plan ederrena?
Familiarekin egotea edo norabait joan eta otordu bat egitea.

Motoan edo moto gabe, Goizuetan ezagutu beharreko txoko bat?
Mandubiko kaxkoa, herriko txoko guztiak eta ingurua ikusten da.  

Amets bat?
Motor mundutik bizitzea. Betidanik  tailer bat irekitzea izan dut amets. Gaur egun, konpontzen aritzen naiz baina ez naiz hortik bizi. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun