Lan-baldintza duinak eskatzeko elkarretaratze zaratatsua deitu dute ostegunerako Leitzako Haur Eskolako langileek

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 19a, 08:30

Udalen eta herritarren babesa eskatu dute.

Itzaire haur-eskolako langileek Nafarroako 0-3 plataformak martxan jarri dituen mobilizazioekin bat egin eta elkarretaratze zaratsua deitu dute otsailaren 20rako. Leitzako plazan bilduko dira 18:00etan. Ratioak jeitsi eta soldatak igotzeko eskatuko dute eta Udalei eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete: «haurren beharrak babestea dugu helburu, horregatik, gurekin batera gaur egungo zikloaren balditza gogorrak salatzera gonbidatzen zaituztegu».

Egungo egoera aldatzea beharrezkoa dela salatu dute, «diskurtso huts eta itxaropen faltsuekin nazkatuak gaude. Agintariek jarritako epeak ez dituzte bete eta horregatik guztiagatik ekintzara pasatzeko garaia da». Aldarrikapenak ez dira berriak: «ratioen jaitsiera eta soldata igoera eskatzen ditugu».

Ratioak jaitsi
Gaur egun dituzten ratioak, «haur eta profesionalentzat jasangaitzak» direla salatu dute. Unitate bakoitzean elkarbizitzen duen haur kopuruarekin diote «ezinezkoa» dela 0-3 urte bitarteko haurren beharrak asetzea: «giro lasaia izatea, eta haurraren garapen indibidualizatu bat zaintzea». Datuek argi erakusten dute:  «0-1 urte arteko gelan,  profesional bakoitzeko 1-4 haurreko ratioak  gomendatzen dituzte eta gure ratioak 8 haurrekoak dira». Egoera ez da hobea, 1-2 urteko gelan:  «zaintzaile bakoitzak gehienez ere sei haurren ardura izatea da gomendatzen dutena, baina gurean hamabi haur ditugu».  2-3 urtekoetan ere, bikoiztu egiten dituzte ratioak: «gomendioetan 1-8 ratioak aipatzen dituzte profesional bakoitzeko baina gurean 16 haurrekoak dira ratioak).

Soldatak igo
Soldata igoera da bigarren eskaera, «gure lanpostuaren ardurarekin bat egiten duen soldata eskatzen dugu eta gaurko bizi mailarekin bat egiten duena». Nafarroan Haur Eskola publikoetako langileek lan berdinagatik soldata ezberdinak dituztela ere salatu dute. Egoera aldatzeko, ezinbestekotzat jo dute Nafarroako Gobernuak «ekonomikoki zikloa babestea eta egun erabiltzen diren finantziaketa modulu ekonomikoak handitzea».  EH Bilduk, parlamentuan aurrekontuei babesa emateko baldintzen artean, 0-3 zikloan pausoak emateko eskaria egin dio Nafarroako Gobernuari. Pauso hau garrantzitsua den arren, ez da nahikoa eta haur hezkuntzako lehen zikloaren duintasunaren alde pauso gehiago ematera bultzatu nahi dugu Nafarroako Gobernua.

Udalen eta herritarren babesa
Mobilizazioek eragina izan dezaten Udalen elkartasuna, laguntza eta babesa behar dutela aipatu dute, baita Hezkuntza Komunitate osoarena ere. Hamabostean behin elkarretaratzeak deituko dituzte, eskualdean eta Iruñean, txandaka:  «gure egoera zein den ikustarazteko eta hala segiko dugu ziklo hau duindu arte». Herritar guztiei egin diete parte hartzeko gonbidapena: «ager zaitezte mobilizazioetan parte hartzera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun