«Giroa, denon artean, mozorro, ume eta helduok elkarrekin sortu behar dugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 19a, 16:30
Izaskun Bakero Eskudero.

Izaskun BAKERO ESKUDERO
Goizuetako inauterizalea

Hamasei bat urte bete arte ez zuen Goizuetako inauteriak bizitzeko modurik izan Izaskunek, «Goizuetan jaio, baina gure aitaren lanaren ondorioz Goizuetatik Añorgara bizitzera joan ginen». Amak transmisio lana egin eta gorde zuten herriarekiko lotura: «Añorgan ez ziren inauteriak ospatzen, baina garaia ailegatzen zenean, gure amak beti oroitarazten zigun Goizuetako zahagi-dantza baita zahagi-dantzako kanta kantatu ere: Zatoz zatoz nire ondora, ez dezazula ihes egin. Ni ez naiz mozorroa, izanagatik lau begi Zatoz zatoz nire ondora, ez dezazula ihes egin». 

Gogoan du zahagi-dantza lehenbiziko aldiz ikusi zuenekoa, «bihotza danpadaka hasi eta zahagitik ihesi, tximista baino azkarrago hasi nintzen lasterka egiten». Aurpegia pixka bat zikindu baino ez du egiten, «baina hor dago jokua, zahagiak zu ez harrapatzea!». Pasa den urtean, ordea, ez zen zahagitik aparte ibili: «nire seme zaharrena, Eneko, izan zen zahagia eta ezin dut azaldu nola sentitu nintzen. Oso pozik eta harro!».


Mozorroak
Ez da inoiz mozorro atera, «herritik bizitzea gustatu izan zait beti. Korneta soinuak aditu eta pentsatzea, halako baserritan egonen dira». Korneta hurbil aditzean, berriz, «plazatik mendi aldera begiratu eta arrasto txuri-gorrik ikusten ote diren» begira aritzen da. Mozorroei lotuta egon diren aldaketak ere aipatu ditu. Bere ustez, batzuk, hoberako izan dira: «aldaketa handia izan zen emakumeen parte-hartzea. Eta esango nuke gaur egun gehiengoa emakumeak direla. Lehengo urtean, lehenbiziko aldiz, zahagia emakumea izan zen». Besteak, ez: «lana, ikasketak.. parte-hartzea zaildu egiten dute eta gaur egun mozorroak garrantzia ematen diete astelehenari, batez ere, baserriz baserri ibiltzeari. Nire ustez, garai batean bezala, mozorroa hiru egunetan izan behar da; goiz, eguerdi eta gau».


Konpartsaren gidari
Igandean ikusle izan eta astelehenean, konpartsarekin, bete-betean sartzen da inauteri giroan. Uste du: «astelehenen Guraso Elkarteak egin duen ekarpena bikaina» izan dela. Hilabete lehenago hasten dira antolaketa lanetan, «bilera egiten dugu gai bat aukeratzeko». Horrekin lotura izan dezakeen koreografia bat asmatzea izaten da Izaskunen egitekoa: «Aerobikeko monitorea izandua naiz eta horrela hasi nintzen konpartsarekin. Ikasleek egin zidaten proposamena, animatu eta 15 urte daramatzat prestatzen!». Aurtengo gaia, «zirkoa» izanen dela aurreratu digu eta gonbidapena luzatu: «parte-hartze handia izaten da, baina jendeak jakin dezala nahi duenak parte hartu dezakeela. Denentzat irekia dela!».

«Konpartsan parte-hartzea handia izaten da, baina jendeak jakin dezala nahi duenak parte hartu dezakeela, denentzat irekia dela»

Goizetik hasten dira herria girotzen: «ume eta gurasook, koreografia dantzatuz, herriari buelta ematen diogu. Ondoren, Umore Ona Elkarten bazkari bat antolatzen da eta arratsaldean txokolatea bizkotxoarekin banatzen dugu plazan. Mozorroen etorreraren zain gauden bitartean».
Asteleheneko mozorroa erantzi eta asteartekoa janzten du Izaskunek: «duela 10 bat urte herriko emakume batekin elkartu nintzen». Dantzak ez ditu aparte uzten: «talde honi egiten diodan ekarpena koreografia bat izaten da». Inauteriak borobilak izateko, denen parte-hartzea ezinbestekoa dela uste du: «giroa denon artean, mozorro, ume eta helduok elkarrekin, sortu behar dugu. Bisitariei ere egin die gonbidapena, «jendea animatu nahi dut gure herriko inauteriak aurrez aurre ezagutzera. Seguru nago elkarrekin ederki pasako dugula!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun