«Kaleratzea ezustekoa eta itsusia izan da»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 14a, 11:00
Josetxo Lizartza. Argazkia: Juan Carlos Ruiz / Foku (Berria egunkaritik hartua)

Hainbeste urtez pilota emankizunetan kazetari lanetan ibili ondotik, Bainet taldeak urtarrilean kaleratu zuen Josetxo Lizartza leitzarra. Gaur Berria egunkarian egin dioten elkarrizketan dioenez, «haserre» dago gertatu denarekin eta auzitara eraman du ekoiztetxea.

Berria egunkariak Josetxo Lizartzari (Leitza, 1956) egindako elkarrizketa kaleratu du gaur eta «haserre» eta «minduta» mintzatu da Bainet ekoiztetxearekin. «Azken 27 urte hauetan Bainetekin inplikazio handia izan dut eta niretzat mingarria izan da», adierazi du. Egunkariari kontatu dionez, ezustean jakin zuen kaleratua izanen zela: «urtarrilaren 4an normal lan egin behar nuen, baina 3an, dei bat jaso nuen, eta gero mezu elektroniko bat , esanez ez agertzeko eta 7an Bilboko egoitzara joateko. Han eman zidaten kaleratze gutuna». Eman zizkioten arrazoiak «okerrak» direla dio eta «horren aurka egin nahian nabil orain. Enpresak bere narratzaileak jarri nahi zituela esaten zuen, baina hori gezurra da. ETBn pozik zeuden nire lanarekin, hori esana zidaten lehendik. Kaleratzea ezustekoa izan da, eta itsusia». Gaia auzitara eraman du eta aitortu duenez, «ez dakit noiz izanen dugu epaiketa. Nire abokatuen kontua da».

«Oso Baineteko aurpegia izan naiz eta horrek beste ate batzuk itxiko zizkidan»

«Minduta eta haserre» dagoela azpimarratu du elkarrizketan, baina «horrek ez du ezkutatzen 26 urte hauek gustukoak izan direla. Baineteko nire lana ez da soilik larunbateko emankizunena izan; gauza asko egin ditut komunikazio arloan, publizitate sailekoekin, txapelketak diseinatzen, baita araudi alorrean ere, eta hainbat saiotan ekoizlea izan naiz. Ez naiz damutzen inplikazioarekin». Horrekin batera, «oso Baineteko aurpegia» izan dela gaineratu du, «horrek beste ate batzuk itxiko zizkidan».

Urte hauetan guztietan egindako lanaz «balantza ona» egin du Berrian leitzarrak, eta urte askoan gaztelaniaz aritu ondotik, euskaraz aritzeko aukera «asko estimatu» eta «oso gogoz» hartu zuela ere onartu du. Baineteko kaleratzearen ondotik, «lanerako gogoz» dagoela gaineratu du: «lan asko eginen nituzke, eta ez derrigor kirol arlokoak».

«Euskal politikariei ahaztu egin zaie ETB zertarako sortu zen»

ETBk pilotan duen tokiaz ere mintzatu da eta argi gainera: «ongi dago pilota ematea, baina hainbeste orduz? Ezetz esanen nuke, batez ere kate horrek beste gauza asko egin beharko lituzkeelako. ETBk azterketa sakon bat behar du. Euskal politikariei ahaztu egin zaie ETB zertarako sortu zen».

Euskarazko kazetaritzaz ere aritu da elkarrizketan eta «profesionalen aldetik, bilakaera zoragarria» izan dela nabarmendu du. Gehiago ere bai: «euskarazko kazetariak erdarazkoak baino askoz hobeak dira». Aitzitik, «euskarazko hedabideak aurrera ateratzeko laguntza publikoak eta gizartearen parte-hartzea eskasak» direla azaldu du: «boto abertzale asko dago, euskararen alde itxuraz, baina ez gara gauza euskarazko egunkari bat bere irmotasunean eusteko. Euskarazko prentsako kazetariek irabazi beharko lukete EITBkoek edo Vocentokoek baino gehiago, eta ez da horrela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun