Balikebale lehiaketa apirilaren 3an eginen dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 12a, 15:00
2016ko Balikebale lehiaketako parte hartzaileak.

Balikebale lehiaketa bueltan da eta ezustekorik ezean, Leitzako Herri Aretoaren estreinaldiko ekitaldia izanen da. Apirilaren 3an, 20:00etan jokatuko dute «lehiaketa mundialaren» laugarren edizioa eta dagoeneko izena emateko epea irekita dago. Parte hartu nahi dutenek otsailaren 28ra arte izanen dute izena emateko aukera.

Taldekako lehiaketa
Antolatzaileek hemezortzi urtetik gorako herritar guztiei luzatu diete erronka: «Leitza ezagutzen duzula uste baduzu eta ongi pasa nahi baduzu parte hartu ezazu». Aurreko edizioetan bezalaxe, taldekako lehiaketa izanen da eta taldeek hiru pertsonakoak izan beharko dute. Otsailaren 10ean ireki zuten izena emateko epea eta otsailaren 28ra arte egonen da zabalik. Interesa dutenek Euskara Zerbitzuan, 948 51 08 14 telefonora deituta edo laga@iparmank.eus helbidera idatzita edo Karrape Irratian, 948 61 09 14 telefonora deituta edo karrapeirratia@gmail.com helbidera idatzita eman dezakete izena. Gero, izena ematen duten talde guztien artean zozketa egin eta lau hautatuko dituzte. Lau horiek izanen dira apirilaren 3an oholtzara igoko direnak.

Galderak, ariketak eta hainbat berrikuntza
Leitzari buruzko galderak erantzun, ariketa bereziak  osatu... eta proba berriak ere prest dituztela azaldu dute antolatzaileek, «parte hartzaileek zein ikusleek primeran pasatzeko aukera izanen dute».

Sariak denentzat
Parte hartzaileak ez dira etxera esku hutsik joanen. Irabazleek 450 euroko txekea eskuratuko dute eta horretaz gain, parte hartzaile guztien artean sari ederrak banatuko dituzte: kultur ekitaldietarako sarrerak, herriko produktuak... 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun