Mendialdeko Independentzia Eguna eginen dute martxoaren 14an Leitzan

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 11a, 12:00

«Gazteak elkartu, indartu eta independentziaren aldeko gazte dinamika berpiztu eta indartzeko» antolatu dute hitzordua Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Leitzaldeko gazteek. Egun osoko egitaraua prestatu dute «gazteok hausnartu, harremanetan jarri eta borrokatzeko, baita disfrutatu eta orain arte egindakoa ospatzeko ere». Asteburuan Amaiurko Gazteluan egin dute aurkezpena.

Amaiurko monolitoa dagoen tokian, «euskaludnon independeitzia egarriaren monumentua» dagoen tokian, joan den igandean egin zuten Mendialdeko Independentzia Egunaren aurkezpena Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Leitzaldeko hainbat gaztek. «Independentzia egarriak, beharrak eta ilusioak» elkartu dituela adierazi zuten: «Espainiar eta Frantziar estatuek bahitutako herri honetan etengabe lotzen gaituzte kateek, itotzen gaituzte sokek. Baina guk aske izan nahi dugu, eta aske izateko antolatzen gara, borrokatzen dugu».

Argi dute «Euskal Herri aske, sozialista eta femilista eraikitzeko ezinbertzekoa zaigula independentzia». Hala, «Euskal Herri aske bat bihotzean» eta «independentziaren aldarria lau haizetara zabaltzeko» asmoz antolatu dute martxoaren 14rako Independentzia Eguna. Egun osoko egitaraua prestatu dute:

  • 11:00etan Atekabeltz gaztetxean mahai-ingurua Ainhoa Etxaide (LAB), Saioa Iraola (Bilgune Feminista), Iratxe Delgado (Ernai) eta Aitzol Gil de San Vicenterekin (Gora Ikasleon Borroka). Hainbat borroka eredutatik prozesu independistari egiten dioten ekarpena izanen dute hizpide.
  • 13:00etan manifestazioa, Mendialdeko gazteok independentzia! lelopean.
  • 14:30ean herri bazkaria.
  • Ondotik kantaldia.
  • 18:00etan elektropoteoa Rakatapunk elektrotxarangarekin.
  • 23:00etatik aitzinera kontzertuak frontoian: Gora Etorri, 2Zio, Bastardix eta Dj Bull taldeekin.

Parte hartzeko gonbidapena egin dute: «aukera paregabea dugu elkartu eta independentziaren aldarria hauspotzeko. Gonbidatuak zaudete».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun