Aranoko inauteriak otsailaren 15ean ospatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 13a, 09:30

Goizeko 8etan abiatuko dira zomorroak puska biltzera.

Jantzi zuri-gorriak eta koloretako zintak prest dituzte larunbaterako Aranoko zomorroek. Goizean goiz abiatuko dira puska biltzera eta bazkalordura arte ibiliko dira kantuan eta dantzan. 17:30 aldera zahagi dantza eginen dute gaztetxoek eta elkartean afaltzeko bilduta emanen diete bukaera inauteriei.

Goizean, 08:00 aldera Beltsoko bordatik abiatuko dira zomorrak puska biltzera. Azken urteetan bezalaxe, Izer eta Alabier trikitilariak izanen dituzte bidelagun. Surotik, Bentaberri auzora joanen dira eta gorakoan Xauxar baserritik Latxe aldera eginen dute. Larratxuri baserritik Beheko Herriko etxeetara joanen dira, itzulia herrian bukatzeko. Bidean fandango, arin-arin, kanturik eta konturik ez da faltako.

Eguerdian, bazkaria izanen dute zomorroek eta joan nahi dutenek otsailaren 13a baino lehenago eman beharko dute izena Kontsejun.

17:30 aldera zahagi dantza eginen dute gaztetxoek eta eguna bukatzeko afari herrikoia izanen dute elkartean eta afalondoan bingo musikatua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun